Luzapenean lortutako garaipena
Emakumezkoen Ligaren 17. jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak 76 eta 71 irabazi dio Movistar Estudiantesi. Parekotasun handiko partiduan, luzapena hobeto kudeatu du etxeko taldeak.
Orokorrean, sinisteko gai izan zen Lointek Gernika Bizkaia zapatuan [urtarrilak 13], Malosten. Partiduan sartuta, beren uneak baliatzen asmatu zuten etxeko jokalariek, eta marea granateak momentu txarretan bultzada eman zien, etxean beharrezkoa duten eta nahi duten indarra emanez. Izan ere, Lucas Fernandez Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak esan bezala, talde lehiakorra izan eta garaipenek ihes ez egiteko ezinbestekoa dute babes eta indar hori. Malosten indartsu izatea funtsezkoa da ligaren pribilegio-postuetan mantentzeko. Asteburuko garaipenaren ostean, talde gernikarra zazpigarrena da, hamar garaipenegaz, IDK Euskotrenegaz berdinduta, eta garaipen bakarrera dituzte Spar Girona eta Movistar Estudiantes.
Emakumezkoen Ligaren 17. jardunaldian, partidua ondo aztertuta eta neurtuta izango zuen aurkaria espero zuten. Ligako play offetarako aurkari zuzena. Movistar Estudiantesek kanpoko lerro oso fisikoa dauka, unean uneko egoerara erraz moldatzen diren eta errebotean arazoak sortzen dituzten jokalariekin. Hala, erasoan erregulartasuna mantendu ezin izan zuten arren, atzean sendo mantendu ziren etxekoak. Markagailuko errentari eusteko gai izan ziren, partidutik atera barik. Hirugarren laurdenean defentsan hainbat detaile doitu zituzten. Aurkariek baina ez zuten etsi, eta etxekoen errentak murrizten ahalegindu ziren.
Hasiera ez zen nahi bezalakoa izan (0-5), eta lehenengo jokaldietatik sumatu zitekeen bi taldeen arteko berdintasuna. Eta horren erakusgarri da lehenengo laurdenaren emaitza: 21 eta 22. Era berean, atsedenaldira ere hiru puntuko errentagaz heldu zen talde madrildarra (36-39).
Neurkerta azken laurdenean erabakiko zela bazekiten bi taldeek, eta etxekoak ondo egiten duten horretan konfiantza galdu barik jokatu zuten. Luzapenera joan beharrik gabe irabaztea zen helburua, baina hori ahalbidetuko zuen saskiratzeak ihes egin zion Lointeki (Milapiek jaurti zuen). 66 eta 66 berdinketagaz sartu ziren luzapenean.
Luzapenaren azkenengo bost minutuetan sufritzen badakien taldea dela erakutsi zuen Lointek Gernika Bizkaiak. Distira handirik barik, aukeretan sinistuta, defentsa-errebotea oso ondo landuta eta aurkariei jaurtiketa erosorik egiten utzi barik lortu zuten garaipena.
EuroCup Women. Eguenean (urtarrilak 18) Eurokopako final-hamaseirenetako bueltako partidua daukate Londresen (20:00). London Lionsek zazpi puntuko aldea dauka, 69 eta 76 nagusitu baitzen eguaztenean, Malosten, eta talde gernikarrak horri buelta eman beharko dio txapelketan mantentzeko. Euren “aukerak jokatuta, hurrengo fasera sailkatzeko borrokatzea merezi” dutela nabarmendu du Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak.