Gutxieneko pentsio "duina eta nahikoa" lortu arte borrokan jarraituko dute pentsiodunek
Sei urte bete ditu pentsiodunen mugimenduak, eta lortzeko dituzten aldarrikapenak lortu arte borrokan jarraituko dutela adierazi dute Busturialdeko pentsiodunek gaur.
6 urte bete ditu pentsiodunen mugimenduak. Sei urte pasatu dira Busturialdeko pentsiodunak euren eskubideen alde borrokan hasi zirenetik. Etenik bariko borroka izan da, eta herriko plazak betez egin diote aurre nekeari. Lortutakoak ospatu, baina lortzeke dituzten aldarrikapenen borrokan jarraituko dutela iragarri dute, batez ere “pentsio duina eta nahikoa” lortu bitartean. Hala adierazi dute gaur [urtarrilak 15], Gernika-Lumoko Foruen plazan egindako asteleheneroko elkarretaratzean.
“Mila arrazoi” dituzte borrokan jarraitzeko, izan ere, uste dute “onartezina” dela finantza oligopolioek eta energia kudeatzaileek euren errekorreko irabaziak lortzea “langileen eta pentsiodunen kaltetan”: “Onartezina da gero eta pentsiodun gehiagok uko egin behar izatea oinarrizko premiak asetzeari, hala nola etxe erosoak izateari, osasunerako eskubideari, elikadura osasuntsuari eta erretiroaren ondoren diru sarrera duin eta nahikoak bermatuta izateari”.
Horregatik guztiagatik, azken sei urtean eskatzen aritu diren “premiazko eta ezinbesteko” aldarrikapenak eskatzen jarraituko dute. “Banatu” nahi dituenaren aurka, gazteek, adinekoek, jarduneko langileek, pentsiodunek, gizon zein emakumeek eskakizun bera dute: aberastasunaren bidezko banaketa, soldaten eta pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzea eta zerbitzu publikoak hobetzea. “Hala egin genuen iaz, hainbat eta hainbat mobilizaziotan parte hartuz, eta borrokan jarraituko dugu geratzen zaizkigun aldarrikapenak lortu arte”.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendukoek lortutakoa ospatu dute: 2013ko PPren erreformaren IRP (0,25) indargabetzea, Pentsio Sistema Publikoa guztiz bideragarria dela erakustea, Iraunkortasun Faktorea indargabetzea eta pentsioak erdira murrizteko nahia eta erabaki berriak hartzeko ahalegina saihestea. “Aurten izango dugun %3,8ko igoera gure borrokak lortu du, nahiz eta galdutakoa konponduko ez duen arren. Pentsiodunok euria ari zein eguzkia izan, 275 asatelehen geroago ere kalean jarraitzen dugula ospatzen dugu, pentsio publikoak, duinak, bidezkoak eta guretzako eta hurrengo belaunaldientzako nahikoak izan daitezen eskubidearen alde borrokan”, ozen aldarrikatu dute pentsiodunek.
“Harro” daude bidezkoa den aberastasunaren banaketaren aldeko borroka egiteaz eta erakunde sozial eta sindikalekin partekatzeaz, baita soldatak, pentsioak eta zerbitzu publikoak “hondatzen” dituzten politika publikoek aldatzeko erreferente garrantzitsua izateaz ere. Hori dela eta, adierazi dute osasun publikoari eta mendekotasuna artatzeko zerbitzu soziosanitario publiko komunitarioei laguntzeko mobilizazioetan parte hartzen jarraituko dutela, eta langileen soldatak eta lan baldintzak hobetzeko borrokari elkartasuna adierazten jarraituko diotela ere bai. “Euskal Herrian gizarte mobilizaziorako erreferente izatea lortu izana eta Espainiako beste herri eta erkidego batzuetako pentsiodunen elkarteekin mobilizatzea ospatzen dugu”.