Gernikaren eta Lumoren bat egitearen urteurrena, lagunarteko ibilbidean
Historia eta kirola uztartuz, Gernikaren eta Lumoren arteko batasuna gogoratu zuten atzo [urtarrilak 14], Gernikazarra Historia Taldekoek.
1882ko urtarrilaren 8an batu ziren Gernika-Lumoko udalerria osatzen duten bi herriak, eta urteurrena gogoratzeko urteroko ibilbidea egin zuten atzo [urtarrilak 14], bi herrien mugetan zehar. Gernikazarra Historia Taldekoek deituta, 40 lagun inguru elkartu ziren ibilbidean, eta bi herrien batasunari buruzko datu esanguratsuak ezagutu zituzten. Izan ere, lurraldeetako mugak aldakorrak izan dira mendeetan zehar, eta liskarrak sortu izan dituzte. Gernika eta Lumok ere badute bere kontua.
Gernika-Lumoko udaletxeko ordulariak 09:00ak markatzen zituenean eta kanpaien hotsa entzuterakoan atera ziren Foruen plazatik ibilaldia egitera animatu zirenak. Eta, lagunarteko giroan, historia eta kirola uztartuz, Gernika eta Lumoren arteko batasuna gogoratu zuten. Hala, geldialdiz geldialdi, tokian tokiko historia ezagutu zuten bertaratutakoek.
Erdi Aroan Gernika Lumok zuen auzoetako bat zela azaldu zuten, eta 1366an, dekretuz, On Tello kondeak Gernika hiri bihurtu zuela gogoratu zuten. Dekretu horrek Gernka Lumorengandik bereiztu, eta Gernikari lursail handiak, eskubideak eta pribilegioak eman zizkion. XIX. mendean, baina, industriak indarra hartu zuen, eta euren lurraldeetan industria garatzeko asmoz, Gernikan bizi ziren jauntxoek dekretu berri baten bidez bien arteko batasuna lortu zuten 1882ko urtarrilaren 8an.
Une hori gogoratzeko, bi herrien arteko batasunaren leku adierazgarrienak zeharkatu zituzten: 8 de Enero kalea lehenengo eta Pasealekua gero; Pasealekuan ospatu zuten bi herrien arteko bateratzea. Gero, Batzarretxearen ondoan dagoen eraikinera joan ziren, bertan kokatzen zen-eta Lumoko azken udala. Elorretalandako eta Bilikarioko mugarriak ikusi zituzten, eta Foruko San Kristobal ermitari buruzko historia ere ezagutu zuten. Azkenik, Lumora joan ziren, hamahiru kilometro inguruko ibilaldia egin eta gero, eta indarrak hartzeko aukera izan zuten bertan.
Argazkiak: Toribio.