Azken lehia, irabazita; helburua, bete barik
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 47-26ko markagailuagaz irabazi dio La Unica Rugby Taldeari, etxeko ikusleen aurrean, Ohorezko B Mailako 11. jardunaldiko partiduan.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak garaipenez agurtu du Ohorezko B Mailako liga erregularra. Zapatuan [urtarrilak 13], Urbietan, etxeko jarraitzaileen aurrean, garaipena poltsikoratu zuen La Unica Rugby Taldearen kontrako partiduan. Partidu gogorra izan zen: fisikoa eta lehiatua. Lehendabiziko zatian, talde gernika-lumotarretik azaldu dutenaren arabera, “aurretiaz prestaturikoari jarraituz” jokatu zuten; joko sistema aldetik eraginkor azalduz, basurdeek aurpegia erakutsi zieten iruindarrei. Talde lana eduki zuten ardatz, eta fruitua eman zuen: 28-5ekoagaz aurreratu ziren.
Bigarren zatiaren hasieragaz, baina, etxeko taldeari arazoak sortu zitzaizkion. Lehenengo aldian baino desorekatuago, antolakuntza maila murritzagoagaz eta noraezean jokatu zuten, eta aurkari nafarrek presioa egiteko balio izan zuen hark. Jokin Eskolar jokalari gernika-lumotarrak argi eta garbi azaldu ditu antolaketa gabezia horiek: “Egitura aldetik ahul aritzeak arazo pila bat sortu zigun; azken batean, jokalari bakoitza bere aldetik ibili zen jokatzen eta ez, ostera, entrenamendu saioetan prestatu genuen legez. Horrenbestez, aurkariak asko estutu zigun partidua, eta gogotik sufritu behar izan genuen, emaitza ona ateratzeko”. Azken unera arte sufrituta lortu zuten basurdeek partiduari aterabide egokia ematea. 47-26ko markagailuagaz gailendu arren, ez zen inondik inora norgehiagoka samurra izan. Eskolar, batetik, lehen zatian erakutsitako behar kolektiboagatik “pozarren” agertu da, baina aitortu du bigarren zatian taldeak bere mailatik behera jokatu zuela; azken zati horren balorazioa “ezin da ona izan”.
Jokin Eskolar: “Taldeak finkatze eta berregituratze prozesu bat egin beharko du”
Etortzeko dagoenaz.
Gaur-gaurkoz, helburu lausoak ditu Gernika RTko lantaldeak, etorkizun hurbilari begira. Izan ere, Ohorezko Mailara igotzeko aukera barik dago. Helburu hori eduki dute begiz jota denboraldi osoan zehar, eta azkenean ez da posible izango. Eskolarrek adierazi du momentu honetan taldearen egoera psikologikoa “ez dela onena”, baina datorrenari “baikortasunez” begiratu behar zaiola nabarmendu du: “Taldeak finkatze eta berregituratze prozesu bat egin beharko du; aurrerantzean, esate baterako, harrobiko jokalariek minutu gehiago eduki ahal izango dituztela uste dut, eta taldearen helburuak birmoldatu egin beharko direla. Zelan edo halan, hasiera berri bat da”.
Getxo Rugby da liga erregularreko lehen postua eskuratu duena, eta maila igoeragatik lehiatuko diren Elite Multzoko taldeetatik hautagai nagusietako bat da. Zozketa egin ondoren, beste talde batzuen kontra jokatu beharko dute basurdeek ere, baina, edozelan ere, ez da liga igoerarik zein pareko jomugarik lehian egongo.
“Denboraldiaren balorazioa, oro har, ez da positiboa”
Taldeko kirol zuzendaritzatik argitu dutenez, azken garaipena ez zuten “modurik hoberenean” lortu: “Irabazi arren, taldeak ez du bere mailarik onena erakutsi. Gainera, denboraldi hasierako egitekoa, play-offetako ligaxkarako sailkapena, ez da posible izango. Hurrengo denboraldia ahal bezain txukunen prestatzea dagokigu orain, eta datozen partidu guztiak irabazten saiatzea. Batzuk errazagoak izango dira, eta beste batuzk, aldiz, gaitzagoak; edozelan ere, denak ala denak serio hartu beharko ditugu. Denboraldiaren balorazioa, oro har, ez da positiboa. Zerbait baikorra azpimarratu beharko balitz, baina, herriko eta harrobiko zenbait jokalarik edukitako joko minutuak eta aurrerapausoak dira”.
Liga erregularreko azkenengo partidua hasi orduko, berriki zendutako Mikel Azkarate Masa taldearen jokalari ohia, jarraitzaile sutsua eta orain arte beteranoen elkarteko lehendakari izandakoa gogoan eduki zuten taldekide guztiek. Urte luzez taldearen mesedetan egindako beharra eskertu gura izan zioten: “Bere eskuzabaltasuna taldearen sostengu izan da”.