Arnasgune berde bat sortzeko lanak, Foruan
Uholdeekin izaten dituzten arazoiei konponbidea ematea da udalaren helburua. Ia 900 metro karratuko espazio berdea sortuko dute.
Erreka naturalizatu eta espazio publiko berri bat sortzeko lanak abiarazi dituzte Foruan. Karlos Gangoiti kalean uholdeekin izaten dituzten arazoak konpondu nahi ditu udalak, eta ia 900 metro karratuko espazio berdea sortzea erabaki dute.
Uraren Euskal Agentziak uholdeekin sortzen diren arazoak ezagutzeko ikerketa bat burutu zuen. Mikel Magunazelaia Foruko alkateak adierazi duenez, “erreka lurperatura dago galeria batean”.
Martxan jarri diren lanetan hormigoiz estalitako sasiak eta hondarrak kendu, hormak bota eta “erreka naturalizatuko da”. Foruko Udalak “arnasgune berde bat” sortu gura du: “Lurra botako dute, belarra erein, eta arbolak geratuko dira, espazio publiko zabala sortuz”. Dagoeneko, hormak bota dituzte, eta lanak “hilabete honetan” bukatuko direla azpimarratu du Magunazelaiak.
Espazio berria sortzeko proiektua Urak erredaktatu eta gauzatu du.”Udalak ez du dirurik jarri, momentuz. Gero jarri beharko dugu, atontzeko, mantentzeko eta bankuz edo bestelakoz hornitzeko”.