Bermeoko gobernu plana eta 2024rako udal aurrekontuak, argitara
EH Bilduk eta Guzanek osatutako Bermeoko udal gobernu taldeak agintaldirako helburu, proiektu nahiz erronkak aurkeztu ditu. Horiekin batera, udal aurrekontua ere plazaratu dute, horren nondik norakoak azalduz.
Bermeoko udal gobernu taldeko partaideak Nestor Basterretxea Aretoan elkartu ziren barikuan [urtarrilak 12], 18:30ean, hasi duten agintaldiaren nondik norakoak azaltzeko eta, batez ere, hurrengo lau urteetara begira martxan ipiniko duten udal plana herritarren aurrean aurkezteko. Bertan egon zen Nadia Nemeh Shomaly alkatea, lantaldeko zinegotzi guztiez lagunduta: Xabier Ortuzar Butron, Endika Etxebarria Telleria, Miren Gabantxo Uriagereka, Bitor Uriarte Anasagasti, Arantza Ormaza Tarantino, Zigor Uriondo Arrue, Iker Bilbao San Nicolas eta Maite Caruezo Ugalde. Agintaldirako zehaztutako jomuga nagusiak plazaratu zituzten: Bermeo bizia, jasangarria, eraldatzailea eta gertukoa lortzea.
2024. urterako, 30.434.760,12 euroko udal aurrekontua egongo da Bermeon, udalerrian zerbitzuak ematera eta herritarren onurara bideratuta. “Inoizko aurrekonturik handiena” dela iragarrita, horren norazkoa ere argitu zuten: “Aurrekontu sozialak, feministak, herrikoiak eta euskaldunak dira”. Diru sarrerarik mardulenak edukiko dituzte alorrei dagokienez, Langileria, Zerbitzuak eta Urigintza izango dira. Alkateak, ezer baino lehen, gobernu estrategiaren ildo nagusi biak taularatu zituen: “Hurbiltasuna eta gardentasuna“. Nemehk azaldu zuen “konpromiso eta erantzukizun handiagaz” behar egiteko prest daudela, eta mugarri horietan zuztartuko dutela agintaldia. Hori lortze aldera, bost ardatz barnebiltzen dituen mandatu plana da EH Bilduk eta Guzanek osatutako taldeak esku artean duena: Danontzako Bermeo, Bermeo Bizia, Bermeo Jasangarria, Bermeo Eraldatzailea eta Bermeo Gertua.
Zigor Uriondo izan zen berba hartzen lehendabizikoa. Hirigintzako zinegotziak lurgintzagaz erlazionatutako helburu nagusiak aurreratu zituen. Bermeoko eremu degradatuetan eraginkortasuna nahiz irisgarritasuna bermatzea izango dute helmuga, gune “berde eta freskoak” sustatzeaz eta energia jasangarrien erabilera bultzatzeaz gain. Azken puntu horregaz loturik, hain zuzen ere, Energia Berriztagarrien Kooperatiba sortzeko proiektua azaldu zuen, hurrengo hilabeteetan garatuko dutena. Ingurumen gaietarako, 234.314 euro baliatuko dituzte. Urigintzagaz lotutako helburuetara, ostera, 3.461.245 euro bideratuko dituzte, ondorengo helburuekin: HAPOn aldaketak egitea (50.000 euro); Nardiz Tar Jon Kalea konpontzea (101.000); udaletxeko altzarien hornidura eta berrantolaketa (125.000); Ormazako eraikinaren eta haren aldamenekoen konponketak (20.000) eta gastu orokorrak (10.470). Horrez gain, Next Generation egitasmoaren berri ere eman zuen zinegotziak, proiektu horren hastapeneko puntuak aurkeztuz eta udalak dituen aurreikuspenak azalduz.
Iker Bilbao: “Bermeoko euskararen kale erabileraren 2021eko datuek diote, 15 eta 24 urte arteko herritarren kasuan, hamar elkarrizketatik bat bakarra ere ez dela euskarazkoa”
Iker Bilbaok 190.983 euro jasoko dituzten euskara eta hezkuntza izan zituen mintzagai. Lehenik eta behin, hizkuntzaren kale erabilerari keinu egin gura izan zion. Datuak “beldurgarriak” dira: “2021eko ikerketen arabera, hamar kale elkarrizketatik hiru besterik ez dira euskaraz egiten; 15 eta 24 urte bitarteko herritarren kasuan, aldiz, estatistikek diote hamarretik bat bakarra ere ez dela euskarazkoa”. Hortaz, hizkuntzaren auziari heltzeko, hiru ardatz eta 152.203 euro izango dituzte esku artean: batetik, umeengan zein gazteengan arreta ipiniko dute; bestetik, euskarazko aisialdirako aukerak hauspotuko dituzte; horiez gain, kontzientziazioari erreparatuko diote. 72.600 euro inguru bideratuko dira aisira, eta 22.700, berriz, euskararen irakaskuntzara. Itsuki herri irratia berreskuratzeko asmoa ere badu gobernu taldeak, baina birmoldatuta: “Edozein herritarrek parte hartzea bilatu nahi dugu, irratia herriarena izan dadila; hori horrela, alkatetzatik 35.000 euroko diru kopurua aplikatuko zaio aurreproiektuari”. Bertsozale Elkarteagaz elkarlanean, bertso eskolak abiatzea ere espero dute, baita begiraleak nahiz entrenatzaileak euskarazko erreferente izan daitezela bilatzea ere.
Maite Caruezo: “Herriko enpresa nahiz ostalariekin lanerako konpromisoa hartu gura dugu”
Maite Caruezok gazteriaren arloa jorratu zuen. 147.192 euroko partida egongo da sail horretarako. Helburu argi eta garbiak dauzkate: gazteleku programa berria atontzea, aholkularitza indartzea eta gazte bermeotarren beharrizanetara hurreratzea. Gaztelekuan ekimen egutegi berria sortuko dute, lantalde berriagaz (13.000 euro); Ludotekarako, aldiz, 16.000 euro bidatuko dituzte. Caruezo GIZ eta GEZ (Gazte Ekimen Zerbitzua) zerbitzuez ere mintzatu zen; Bermesex eta Adizkio eta Menpekotasun Zerbitzuak nabarmendu zituen. Garapen ekonomikoari buruzkoak azpimarratu zituen. “Herriko enpresa nahiz ostalariekin lanerako konpromisoa hartu gura dugu”. Hori horrela, urtean zehar azokak antolatzea (55.000), Arrain Azoka sendotzea (40.000), herriko azoka berritzeko plan integrala ontzea (15.000) eta ekintzaileei aholkularitza zerbitzua ematea (30.000) dute jomuga. Ez hori bakarrik: “Itsas garapenean ere arreta ipini gura dugu”. Turismo ereduari dagokionez, jasangarritasuna dute zutabe. Hortaz, etxebizitza turistikoen erregularizazioan urratsak egitea bilatuko dute, eta autokarabanentzako gunea erregulatu (15.000).
Endika Etxebarriak kulturagaz, langileriagaz, prebentzioagaz eta gizarte ongizateagaz lotutakoak taularatu zituen. Bermeoko kultur taldeei laguntzak ematea (50.000) eta kultur difusioa zein programazioa sendotzea dituzte ortzimugan. Hartuko dituzten neurriak, 577.045 euroko aurrekontuagaz, ondorengoak izango dira: “Kultur Kontseilua sortu nahi dugu, batzordeak ere bai, eta protokolo instituzionalak aldatu; izan ere, horietako zenbaitek kutsu erlijiosoa eta parekoak dituzte. Horrez gain, jai batzordea ere indartu beharra dago”. Gizarte ongizatearen aldetik (1.416.294,58 euro), psikologo zerbitzua sendotuko dute, adin txikikoen prebentzio sarea sortzeaz gain. Osasun mentalaren plana ere bidean dago: “Psikologoen tarifak merketu behar dira, zerbitzu hobea emateko; Durango dugu eredu, besteren artean, horri dagokionez, eta aditasunez aztertuko dugu hango neurri sorta”. Horrez gain, egoitzako arreta eredua ere eraldatu gura dute, “baina behargin plazarik galdu barik”.
Langileriak hartuko du, bestalde, udal aurrekontuetako kopururik esanguratsuenetako bat: 15.844.761,24 euro.
Langileriak hartuko du, bestalde, udal aurrekontuetako kopururik esanguratsuenetako bat: 15.844.761,24 euro. “Langileen ongizatea hobetu egin behar da, eurek eskaintzen duten zerbitzua ere are hobea izan dadin. 2024a egonkortzeko urtea izan da, eta 2025ean balorazio prozesua egingo dugu. Hori bai, lan poltsak eratuko ditugu, eta eskaintzak gardentasunez komunikatu, bermeotarrak jakinaren gainean egoteko. Bestalde, edozein langileri zor zaion prebentzio fisikoaz harago, prebentzio psikosozialean eta eraikinen segurtasunean ere eragin gura dugu”.
Arantza Ormazak berdintasunean aurrera egiteko hartuko dituzten neurriak plazaratu zituen. Zinegotziak argi asko abiatu zuen bere azalpena: “2024an zehar eta 2025aren hasieran bizitako egoera txarrak arlo horri arreta handiagoa ipintzera behartzen gaitu, eta 37.000 eurotik 54.000ra pasatuko gara”. Honakoak izango dituzte bide, berdintasuna helmuga: “ESNATU aholkularitza psikologikorako zerbitzua aplikatzea gura dugu, aholkularitza juridikoagaz batera. Kontseilu Feminista berrabiaraztea ere nahitaezkoa da, eta jabekuntza eskola sortzea. LGTBIQA+ kolektiboak Bermeon bizi duen egoera ere aztertu gura dugu, kolektibo horretako partaideak beren herrian arrotz senti ez daitezen”.
Miren Gabantxok Antolakuntza eta Teknologia Berrien, Herritarren Arreta Zerbitzuen eta Partaidetza sailaren arduradunak, 500.000 euroko aurrekontua edukiko du aurten bere udal esparruaren jardunerako. Ziber-segurtasuna “puntu garrantzitsutzat” jo zuen barikuko aurkezpenean: “Iazko udan udalari egin zioten ziber-erasoaren ondoren, hobekuntzak egin behar ditugu alderdi horretan”. Besteak beste, udalaren web orrialdea zaharberrituko dute, BERHAZ herritarrentzako arreta zerbitzua sendotu, eta bermeotarrei burokrazia tramiteekin bertatik bertara lagunduko diete.
Xabier Ortuzarrek, Zerbitzuetako zinegotzi arduradunak, 3.312.228,53 euroko aurrekontua edukiko dutela iragarri zuen. Horregaz batera, herrian sumatutako gabeziak, hobetu beharreko hirigintza ereduak edota konponketa behar duten inguruak erakutsi zizkien bertaratutako bermeotarrei. Mantenuan eta garbitasunean urratsak eman behar direla azpimarratuta, ondoren helburuak zehaztu zituen: “Herriko hainbat txoko berreskuratzea, jasangarritasunaren alde egitea, baliabideak (pertsonalak nahiz makinak) indartzea eta, makinen amortizazio plana diseinatzea”. Hain zuzen, egun, udalak 21 behargin ditu garbitasunera bideratuta; zortzi lorazain edota brigadako kide; hiru langile bulegoetan.
Lurgintzaren arloan, 117.800 euroko partida bideratuko diote herriko landa eremuetako auzoen egoera hobetzeari
Kirol egitasmoei dagokienez, ondorengoak izango dira 2024an landuko dituzten alderdiak: kirol jarduerak (45.000), kiroletarako makinak (75.000), garbitasuna (242.000), frontoiko markagailua berritzea (3.000), frontoiko sarea aldatzea (15.000), igerilekua handitzea (18.000), gela egonkorren eskaintza sortzea (1.200) eta kiroldegiko mantenuak (5.000). Udaltzaingoaren gaia ere plazaratu zuen Ortuzarrek. Izan ere, 15.000 euro bideratuko dituzte kamara berriak ipintzera edota seinaleak berritzera, eta beste horrenbeste udaltzaingoen programa berria sortzera. Lurgintzagaz lotuta, adierazi zuen 117.800 izango dira alde horretara bideratuko dituzte euroak, “auzoei merezi duten garrantzia emateko asmoz”: Auzotaxia berrezarriko dute (12.000), auzo bideen garbiketa egin (45.000), eta azpiegituretan zein urbanizazioan eragin (25.000); horretarako, bi hilabeterik behin auzo alkateekin elkartuko da udal taldea.
Bitor Uriarte: “Mañu eta Almikako parrokietako baserrietako argazkiekin bilduma egiteko asmoa dugu”
Bitor Uriartek Urigintzagaz, Lurgintzagaz eta Kulturagaz erlazionatutako gaiak taularatu zituen. Lurgintza arloan, baserrigintzaz mintzatu zen: “Mañu eta Almikako parrokietako baserrietako argazkiekin bilduma egiteko asmoa dugu, auzo bizitza eta ondarea ezkonduz”. Baserrien zenbatzea egokitzeko edota udalaren jabetzakoak diren landa eremuko lur orubeen identifikazioa egin beharra ere azpimarratu zituen Uriartek. “Agian, hiri baratzeak edota txakurtegiak egin daitezke horrelako eremuetan, dena da posible”. Urigintzaren alderditik, azaldu zuen gulpildun aulkiak erabiltzen dituzten herritarrekin udalerrian barrena ibilbide bat egitea aurreikusten dutela, “akats urbanistikoak identifikatu eta hobetzeko”. Kulturari helduta, liburutegiak eta artxiboak 23.300 euro jasoko dituzte, artxiboa digitalizatzeko eta udako liburutegia antolatzeko. Horrez gain, herriko ekoizpen kulturalari ere plaza eskaini gura diote, eta zenbait kaleren izenak birmoldatu, “betiere modu parte hartzailean”. Amaitzeko, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoagaz elkarlanean arituko den ordezkaria bera izango dela aurreratu zuen Uriartek.