Talape futbol zelaia berriztearen alde egin dute bermeotarrek
115 proposamenen artean aukeratu dute. Guztira 1.553 boto erregistratu dituzte, horietatik 410 proiektu irabazlearentzat.
Bermeoko Udalak aurrekontu parte hartzaileen emaitzak aurkeztu ditu gaur [urtarrilak 11]. Proiektu irabazlea Talape futbol zelaian berrikuntza lanak egiteko proposamena izan da, botoen %30,58arekin –410 boto–. Udalak 50.000 euro bideratuko ditu herritarrek aukeratu duten proiektura.
Nadia Nemeh Shomaly alkateak herritarren parte hartzea eskertu du: “Parte hartzea oso handia izan da, bai webgunean, bai presentzialki”. Miren Gabantxo Uriagereka Herritarren Arreta Zerbitzuen eta Partaidetzaren zinegotzi arduradunak adierazi duenez, “kirola, aisialdia eta heziketa izan dira interes gehien piztu duten gaiak”.
Talape futbol zelaia berrituko du udalak, “ahalik eta arinen”. 50.o00 euroekin, udalak “berdegunea aldatuko du, sareak konponduko edo berriztuko ditu, eta argiztapenarekin dauden “arazoak” konponduko ditu. Futbol zelaiak izango dituen hobekuntzekin pozik agertu da Ander Goienetxea, Bermeo Futbol Taldeko presidentea: “Beti egon gara helburu hori eskuratu nahian, eta aurten lortu dugu“. Futbol zelaiak 500 bazkide baditu ere, zelaia “herriarena” dela azpimarratu gura izan du. Belar artifizialeko zelai horretan bereziki umeak ibili arren, nagusiek ere aprobetxatu ahal izango dutela adierazi du Goienetxeak.
Miren Gabantxo: “Nahiz eta bigarren aukera izan, hitza ematen dugu hori ere aurrera eramateko ahalegina egingo dugula”
Bermeotarrek 420 proposamen aurkeztu zituzten aurrekontu parte hartzaileetan, eta 115 iritsi ziren azken fasera, “zerrenda luze eta sormenezkoa” osatuz. Bigarren postuan Artza frontoia diskoteka moduan erabili ahal izateko proposamena egokitu da. 209 boto jaso ditu proposamen horrek: bozken %15,59. “Nahiz eta bigarren aukera izan, hitza ematen dugu hori ere aurrera eramateko ahalegina egingo dugula”, azpimarratu du Gabantxok. Hirugarrena, berriz, San Frantzisko Herri Ikastetxean inbertsio ezberdinak egiteko proposamena izan da, botuen %9,17rekin.
Xabier Ortuzar Butron Zerbitzu eta Kirol Saileko zinegotziak adierazi duenez, “jendearen parte hartzea ikustea pozgarria izan da”: “Orain, guri dagokigu entzun duguna betetzea, geure hitza ahalik arinen betetzea, bai zelaian, bai gazteekin, bai eskolan; oro har, ahal den guztian”. Aurrekontu parte hartzaileek bermeotarren nahi eta beharren “mapa ezagutzeko aukera” eman dietela azpimarratu du Ortuzarrek.
Parte hartze altuena.
Guztira 1.553 boto jaso dituzte, baina Internet bidezko 108 boto deuseztatu egin behar izan dituzte, ez zituztelako aurrez ezarritako baldintzak betetzen (proposamen bakarra bozkatzea, behin bakarrik bozkatzea eta Bermeon erroldatuta egotea). Bozka gehienak Internet bidez jaso dira.
18 eta 25 urte bitarteko gazteen parte hartzerik handiena izan duen udal parte hartze prozesua izan da aurtengoa: “Bozka guztien %36 25 urtetik beherakoena izan da”. 452 boto horietatik, botoa eman duten adin txikikoak 137 izan dira. “Horrek argi utzi digu erronka handi bat aurrez aurre dugula gazteekin, beraien gustukoak diren kontuekin daukaten interesa agerian geratu baita”. Udal taldearen “helburu nagusienetako bat da Bermeoko gizartea entzutea“, eta orain erantzuna eman behar diotela adierazi du Gabantxok.