Emakume helduei zuzendutako zirkuituaren lehen geltokia, Morgan
Herritertulia egingo dute bihar [urtarrilak 11], Morgan. Herri txikietako emakumezko helduei bereziki zuzendutako egitasmoa izango da. Eskualdeko herri gehiagotara ere zabalduko dute ekimena.
Morgako herritarrek Herritertuliaz gozatzeko aukera paregabea edukiko dute bihar [urtarrilak 11], udalerriko Jubilatuen Etxean. Egitasmoa egingo duten estreinako aldia izango da, eta, herritar guztiei bertaratzeko deialdia luzarazi dieten arren, bereziki adineko emakumezkoei zuzenduta egongo dela aurreratu dute udaleko antolatzaileek. Izan ere, ekimenaren helburu nagusia adineko emakumeon aurkako indarkeria matxista kasuak ahal bezainbeste prebenitzea izango da; horretarako herritar sarea ehuntzea “guztiz beharrezkoa” dela nabarmendu dute antolatzaileek.
17:00etan emango diote hasiera saioari, eta edukiera bete arteko doako sarrera egongo dela aurrera du dute antolakuntzatik. Ordu bi inguruko sesioa izango da, eta dinamizatzaile batek gidatuko eta zuzenduko du uneoro. Ahozko aurkezpenaz eta informazio esanguratsua jasotzeaz gain, bertaratzen direnek ikus-entzunezko proiekzio batez gozatu ahalko dute. Horrez gain, saioaren amaiera aldea eztabaidarako baliatuko dutela iragarri dute, batak besteari iritziak eta norbere ikuspuntua helarazte aldera.
Hiru faseko sentsibilizazio prozesua egin dute Morgan
Proiektua Espainiako Gobernuaren Berdintasun Ministerioaren Berdintasunerako eta Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Idazkaritzak babestua eta finantzatua dago. Morgako Udalaren kasuan, hiru faseko prozesua eginez baliatu dute gobernutik jasotako diru iturria, azaldu dutenez: “Lehenengo eta behin, udal langileen artean lanketa egin genuen. Ondoren, herrian behar egiten dutenei luzatu genien kontzientziazioaren parte izatea, biolentzia matxistaren garrantziaz jabetu zitezen; besteren artean, mediku, erizain, tabernetako eta jatetxeetako langile edota farmaziakoei proposatu genien. Hirugarren etapa honetan, herriko bizilagun guztiak murgildu gura ditugu berdintasunerako lanketaren ekuazioan”.
Morgako saiotik espero dutenaz galdetuta, argitu dute beraiena moduko udalerri txikietan “dena jakiten ei dela, baina ezkutatu ere bai”: “Adineko emakumezkoek jasaten dituzten indarkeria matxista aztertzen duten ikerketak oso murritzak izateak bistaratu egiten ditu fenomeno horren ikusezintasuna eta, aldi berean, begirada kritikoaren eta tratamendu espezifikoaren beharrizana. Bai genero, bai adin kontuengatik, zelan edo halan, ez zaie merezi duten bezainbesteko arretarik jasotzen. Gainera, pairatzen duten indarkeriaren intentsitate maila azpimarragarriagoa da, luzaroan eta bakardade kota handiagoetan jasan behar izaten baitute».
Urtarrilaren 19an, 18:30ean, Gautegiz Arteagako Kultur Etxeak hartuko du proiektua
Eskualde osoan.
Morgakoaz gain, Busturialdeko beste zazpi udalerrik ere aurrerantzean proiektuaren parte izatea adostu dute, jorratzen dituen egoerak “toki eta herri txiki guztietan” ematen diren jakitun. Hain zuzen ere, Mundaka, Sukarrieta, Forua, Arratzu, Ajangiz, Ereño eta Gautegiz Arteagan egingo dituzte saioak. Azken hori izango da hurrengoa: urtarrilaren 19an [barikua], 18:30ean hasita, Kultur Etxean elkartu ahalko dira arteagar herritarrak.