1.130.662 euroko aurrekontua onartu du Gautegiz Arteagako Udalak
Karabanentzako aparkalekua egokitu eta frontoian aldagelak eraberritzea aurreikusi dute udal arduradunek.
Gautegiz Arteagako Udalak 1.130.662 euroko aurrekontua onartu du aurtengo urterako. Zenbateko horregaz, herriko azpiegiturak hobetzeko inbertsioak egingo ditu, frontoia hobetzeko, karabanentzako aparkalekua egokitzeko eta frontoian eguzki plakak jartzeko asmoa baitauka. Herriko plazaren birmoldaketa egiteko kontratazio espedientea ere onartu berri dute azken osoko bilkuran.
Aurreikusitako inbertsioen artean, udalaren turismo estrategiaren baitan, karabanentzako aparkalekua egokitzea da lehentasunetako bat; 68.000 euroko aurrekontua bideratuko dute horretarako, alegia, autokarabanen aparkalekurako sarbidea arautzeko. Zehaztu dutenez, guneraren erabilera erregulatzeko asmoz, hesi bat jarriko dute, eta sarbidea kontrolatzeko sistema berri bat ere bai. Zerbitzuak, gainera, hori hobetuko duten baldintza berriak izango dituela ere gehitu dute udal ordezkariek.
Udal frontoia “funtsezko” kirolgunea da udalerrian, eta horren dinamizazioa bultzatzea ere udalaren ildo estrategikoetako bat da. Hori dela eta, 39.209 euroko aurrekontuagaz, aldagelak eraberritzea aurreikusi dute. Gainera, frontoiaren estalkiaren gainean plaka fotovoltaikoak jarri gura dituzte, plaka horien bidez udal eraikinak energiaz hornitzeko; energia eraginkortasuneko proiektu horretan 50.000 euroko inbertsioa egingo du udalak.
Kirola, kultura eta aisialdiko jarduerak bultzatzeko ekintzek ere aurrekontuaren zenbateko handi bat hartzen dute. Kultura sustatzeko 39.000 euroko diru saila aurreikusi dute, eta 41.393 eurokoa, aldiz, udalerriko jaietarako. Udalekuak eta negulekuak aurrera eroateko, 15.000 euroko aurrekontua izango du udalak, eta kirol jardueretarako, berriz, 16.637 eurokoa.
Argitu dutenez, kirola egiteko, euskara ikasteko, musika ikasteko eta eskola jantokietarako diru laguntzak mantendu egingo dituzte, baita udal elkarteentzako diru laguntzak ere. Aurten, gainera, udalak 2.866 euroko diru laguntza emango dio Sustabiz Fundazioari, herri kirolak eta bertako kirolak sustatzen jarraitzeko.
Inbertsio horiek egiteaz gain, arteagarrek zerbitzu “berri eta garrantzitsu” bat izango dute aurten: udal gimnasioa. Proiektuaren kostua iazko aurrekontuei dagokie, baina hurrengo hilabeteetan zabalduko ditu ateak Herriko plazan dagoen lokal batean, kultur etxearen ondoan. Gaur gaurkoz, proiektua lizitaziora ateratzeko dago, eta hori esleitzea izango da hurrengo pausoa. Jakinarazi dutenez, kirol instalazio berriak ekipamentu osotu bat izango du: makina eliptikoak, bizikleta estatikoak, pisuak, muskulazio bankuak, funtzio anitzeko makinak eta erresistentzia makinek beteko dute. Zerbitzuak eta dutxak ere egokituko dituztela azaldu dute.
“2024ari udal proiektu garrantzitsuekin ekingo diogu”, adierazi du Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkateak. Dioenez, udalerria bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko hirigintza aldaketa prozesu batean murgilduta dago, eta hobekuntza bide horri eutsi gura izan diote aurrekontuekin: “Kultura, kirola, iriste erraztasuna, turismo iraunkorra eta energia eraginkortasuna bezalako arlo garrantzitsuak bultzatu gura ditugu”. Gainera, azpimarratu du udalerriak gimnasio propioa izango duela, eta herriari zerbitzu bat gehiago eskainiko diola.
Herriko plazaren birmoldaketa.
Azken osoko bilkuran, gainera, Herriko plazaren birmoldaketa kontratatzeko espedientea onartu zuten, kasu horretan, aho batez. Proiektua uda aurretik esleitzea aurreikusi dute. “Proiektuak ekarriko duen prozedura baten barruan egin beharreko lehen pausoa da esleipena. Udalak, orduan, aurrekontua aldatu eta 2024ko aurrekontu osoari proiektuaren aurrekontua gehitu beharko dio, 971.5525 eurokoa. Udalak garaitikoa modura gordetzen duen diru saila da”, azaldu dute udal ordezkariek.
Zehaztu dutenez, Herriko plaza birmoldatzeko proiektuak gehienez 10 hilabeteko epea dauka obra egiteko.