Zelaiondo egoitzako langileen egoera salatu du LAB sindikatuak
Abenduan langile bat kaleratua izan da, eta beste hainbat mehatxatuak izan dira beraiei ez dagokiezkien funtzioak ez egitea eskatzeagatik.
LAB sindikatuak Busturiko Zelaiondo egoitzako langileak azken urteetan pairatzen ari diren egoera salatu du. Bizkaiko Erresidentzietako Hitzarmenak, urteko 1592 lan ordu zehazten ditu langileentzat, baina Zelaiondon 1800 ordu baino gehiago egiten dituztela adierazi dute. Salatu dutenez, langileek urtero ordaindu edota konpentsatu gabeko 3.800 lan ordu egiten dituzte.
Era berean, azken hilabeteetan Zelaiondoko langileek kaleratze mehatxuak jasan dituztela salatu du LABek. Adierazi dutenez, zuzendaritza taldeak langileak mehatxatu zituen Erresidentzietako Hitzarmena aplikatzeak langileen kaleratzeak ekarriko lituzkeela esanez; abenduan, bete egin zuen esandakoa: langile bat kaleratua izan zen, eta beste hainbati beraiei ez dagozkien funtzioak ez betetzea eskatzeagatik mehatxu egin zien zuzendaritza taldeak.
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta hitzarmenaren arabera, langileen bajak ordezkatu egin behar direla zehaztuta egon arren, sindikatuko ordezkariek aipatu dutenez, Busturiako egoitzan ez dira ordezkapenak ematen: “Langileen lan karga handitzen dute, ordezko bat kontratatu beharrean”. Horrez gain, medikura joateko baimenak ere ukatu dizkietela salatu dute. Gainera, langileei beraien funtzioetatik haratago doazen lanak egitera behartzen dituztela nabarmendu dute, hala nola, garbiketa lanak egitera.
Enpresak berak aurkeztutako hautagaitzaren kontra, 2023ko apirileko hauteskunde sindikaletan lortu zuen LABek erresidentzian ordezkaritza, 30 urte eta gero. Ordezkariek azpimarratu dutenez, langileak ahalduntzea, Bizkaiko hitzarmena errespetatazea eta ratio duinak eskatzea dituzte jomuga. Helburu horiek betetzeko, egoitzako zuzendaritza taldeak jartzen dituen oztopoak ezagutarazi gura izan dituzte, langileek egunero jasaten dituzten jazarpen sindikala, kriminalizazioa eta irainak azpimarratuz. Kaleratzeak onartu ez, eta langileak antolatzen jarraituko dutela iragarri du sindikatuak.