Goiko eta Lekerika Johan-Lopez bikotearen aurka, finalerdietan
Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak 2-1 menderatu zituzten atzo [urtarrilak 8] Ludovic Ladutxe eta Gorka Sorozabal Winter Seriesko 10. jardunaldian. Ispastertarrak erakustaldia eman zuen finalaurrekoetarako txartelaz gain, lehen postua eskuratuz.
Helburua beteta, eta zelan gainera. Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea Gernika-Lumoko Winter Serieseko finalerdietan daude, eta lehenengo postuagaz gainera. Atzo [urtarrilak 8] Ludovic Ladutxe eta Gorka Sorozabal 2-1 menderatu zituzten Winter Serieseko 10. jardunaldian. Gauzak horrela, Iñaki Osa Goikoetxea eta Unai Lekerika saihestu dituzte finalaurrekoetan.
Ispastertarrak eta markina-xemeindarrak haien hautagaitza aurkeztu zuten, gogotik egin behar izan zuten lan Ladutxe eta Gorka mendean hartzeko. Erkiagak bere bertsiorik onena atera behar izan zuen irabazteko, Jai Alaiko zaleak askotan jarri zituen zutunik. Iparraldeko bikoteak 0-2 irabazi beharra zuten aurrera egiteko aukerekin jarraitzeko eta Lea-Artibaiko bikoteak set bakarragaz nahikoa zuten sailkatzeko eta bi lehen postua lortzeko.
Ladutxek eta Gorkak jokamolde argia zuten: Erkiaga jokoz kanpo utzi, eta Ibarluzea bilatu. Atzelariak ez zuen bere egunik onena izan eta ohi baino huts gehiago egin zituen. Aurrelariak, berriz, erakustaldia eman zuen beste behin, barikuan [urtarrilak 5] Berriatuan Banakako txapeldun izendatu ostean. Hamaika tanto egin zituen lehen setean, ikusgarria benetan azkena, txik-txak ezin hobe bat marraztu zuen. Azkenean, 15-14 lehen seta, lehen helburua beteta zuten.
Bigarrenean Ladutxek eta Gorkak haien indarra inposatu zuten. Ibarluzea gehiago eta hobeto bilatu zuten eta Erkiagak gehiago arriskatu behar izan zuen jokoan sartzeko. Erabat nagusi izan ziren bigarren setean 8-15 gailenduz. Iparraldeko bikotea kanporatuta zegoen, baina partida irabazi nahi zuen. Atzelari markina-xemeindarrak bere tantorik onenak jokatu ditu hirugarren eta azken setean, ez du hutsik egin, eta Erkiagak partida amaitzeko erantzukizuna hartu du. 5-3, finalerdietarako txartela eta multzoko lehen postua.
Datorren astelehenean ezagutuko dute finalaurrekoetako aurkariak: Jean Dominique Olharan-Julen Del Rio eta Erik Mendizabal-David Minviellen partidaren ostean. Bi bikoteak edota Alex Goitia-Thibault Basque izan daitezke aurkariak. Hirurak dituzte aukerak; lehendabizikoek, gehien. Beste partida erabakigarrian Goikok eta Lekerikak Johan Sorozabal eta Imanol Lopezen aurka neurtuko dituzte indarrak.