Gerraren aurkako muralak
Bakearen Museoko ordezkariek eta Barrutialdeko DBH 4.mailako ikasleek bi horma irudi margotu dituzte Arratzuko suhiltzaileen parkearen eta Barrutialde eskolaren arteko eraikinean.
1914tik 1949ra bitarteko haurren eta emakumeen esperientzia kolektiboetan sakondu dute Gernika-Lumoko Bakearen Museoko ordezkariek eta Barrutialdeko DBH 4.mailako ikasleek, Rememchild proiektuaren baitan. Hala, gerraren aurkako bi horma irudi margotu dituzte Arratzuko suhiltzaileen parkearen eta Barrutialde eskolaren arteko eraikinean.
Proiektuaren helburu nagusia izan da 1914tik 1949ra bitarteko haurren eta emakumeen esperientzia kolektiboetan sakontzea; izan ere, Europako historian aldi nahasi eta erabakigarria izan da, eta munduko bi gerra gatazkek biztanleria zibilean izandako ondorioek markatu dute.
Horma irudiak Ahanzturaren aurkako hormak izeneko laborategiaren baitan margotu dituzte, eta ekimenaren ideia nagusia izan da “ahalik eta jende gehienak ikusiko duen leku batean” horma irudi bat marraztea, gerrak umeei modu “oso negatiboan” eragiten diela irudikatuz. Horrez gain, gerren aurkako mezu argi bat bidali gura izan dute.
Arduradunek zehaztu dutenez, laborategia hainbat fasetan garatu zen. Lehenengo, horma irudia diseinatu zuten eta horma irudia egiteko lekua aukeratu zuten partaideek. Gero, tailerretan bildu ziren, eta horietan, XX. eta XXI. mendeetako garai desberdinetan bonbardaketetatik bizirik atera ziren haurren testigantzak jorratu zituzten. Mikel Aldekogaraigaz (Kezon) horma irudien historia ikasi ostean, bi irudiak margotu zituzten, Gerrarik ez mezuagaz.
Barrutialdeko ikasleekin ez ezik, ekainean, Allende Salazar Herri Eskolako LH 5. eta 6. mailako ikasleekin ere bildu ziren Europako proiektuaren barruan. Laborategi horretan, zortzi ikasgelak parte hartu zuten, eta bonbardaketatik bizirik atera ziren haurren testigantzak ere landu zituzten. Hala ere, kasu horretan, plastilinaren bidez irudikatu zituzten lekukotasun horiek gogorarazten zizkieten eszenak.
Museoko arduradunek argitu dutenez, memoria laborategi horiek guztiak Frantzian (Maison d´Izieuk) eta Italian (Fondazione Fossoli) ere egiten ari dira, helburu beragaz baina metodologia aldatuta. Izan ere, Europako hainbat kidek osatzen dute Rememchild proiektua: Eurom, Icmemo, Euroclio., Fondazione Fossoli, Maison d´Izieu, Uned, URJC eta Gernikako Bakearen Museoa.
Proiektuagaz Europako haurren memoria berreskuratu eta zaindu gura dute, baita erregimen ez demokratikoek aplikatutako diskriminazioak, jazarpenak eta gorrotoak haurrengan eta emakumeen utzi dituen ondorioak agerian utzi ere. “Gainera, Europako herrien arteko elkartasunean emakumeak nagusi izan zirela berretsi eta zabaldu gura dugu, baita historiatik, ezagutzatik eta memoriatik Holokaustoa desitxuratzearen eta ukatzearen aurka borrokatu ere. Halaber, antisemitismoari, arrazakeriari, diskriminazioari, gorrotoari xenofobiari eta abarri aurre egin gura diogu”, esan dute proiektuko parte hartzaileek. Bigarren Mundu Gerraren ondorioei buruz hausnartzea, heztea eta biktimak oroitzea dute helburu: horiek horrela, demokrazia, askatasunaren errespetua, berdintasuna, giza duintasuna, eta haurren eta emakumeen eskubideak defendatzea du helburu nagusitzat proiektuak.