Busturialdeko udalek enplegua sustatzeko diru laguntza sortu dute
Eskabideak egiteko azken eguna otsailaren 29a izango da. Diru laguntzaren aurtengo aurrekontua 242.934 eurokoa da.
Busturialdeko udalek kontratazioak egiteko enpresei bideratutako diru laguntza linea bat sortu dute, enplegua sustatzeko helburuz. Gernika-Lumoko Lanbide Ekimena eta Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintza Garapen Agentziaren bitartez sortutako diru laguntzak eskualdeko garapen ekonomikoa indartzea du xede. Enpresei bideratutako aurtengo aurrekontua 242.934 eurokoa da.
Laguntza ekonomiko horren bitartez kontratu mugagabeak eta, bestetik, artisten eta ikuskizun publikoetako teknikari eta laguntzaileen iraupen mugatuko kontratuak landuko dira. Gutxienez, hiru hilabeteko iraupena izan beharko dute, eta gehienez, sei hilabetekoa. Gainera, lanaldi osokoak edo gutxienez %50eko lanaldi partzialekoak izan beharko dira. Baldintza nagusiak dira kontratatutako pertsona Busturialdean erroldatuta egotea eta enplegu eskatzaile modura Lanbiden izena emanda egotea.
Lanaldi osoko eta sei hilabete edo gehiagoko lan kontratuek 8.000 euroko diru laguntza jaso ahal izango dute. Gehienez, 10.000 eurokoa izan daiteke, lanerako zailtasun bereziak dituzten kolektiboetako pertsona bat kontratatzen bada eta kontratua lanaldi osokoa eta sei hilabetekoa bada. Bestalde, kontratua lanaldi partzialekoa bada, eta iraupena sei hilabete baino gutxiagokoa bada, laguntza lan egindako denborarekiko proportzionala izango da. Emakumeak kontratatzeko diru laguntza %10 handiagoa izango da.
Diru laguntzarako eskabideak egiteko azken eguna 2024ko otsailaren 29a [eguena] izango da. Tramitazioa Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez egin beharko da. Udalaren webgunean bertan daude eskuragarri deialdia arautzen duten oinarriak eta eskabidea eta eskabidea bera justifikatzeko eranskinak.
Interesa dutenek Bermeoaldeko Behargintzara –96 617 91 90– edo Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak agentziara –94 625 57 58– jo dezakete, informazio gehiago jasotzeko.