Argazkien bitartez, berreraiketa garaira buelta
Gernika-Lumoren berreraiketa erakusten jarraitzearen alde egin du Gernikazarra Historia Taldeak. Laugarren argazki erakusketa jarri du Artekaleko arkupeetan, aste amaierara bitartean ikusi ahalko dena.
Aurreko garaiei, belaunaldiei, bizimoduari eta herriei buruzko informazioa eskaintzen duten altxorrak dira argazki zaharrak. Errelitatearen irudia dira, iragana gogoratzeko balio duten tresna eraginkorrak, eta horiek duten balioa azpimarratu du oraingoan ere Gernikazarra Historia Taldeak.
Duela hiruzpalau urte abiatutako proiektuagaz jarraitu eta 36ko gerra osteko bizitza eta Gernika-Lumoren berreraiketa erakusten jarraitzearen alde egin du historia taldeak aurten ere. Hala, helburu hori jarraiki, berreraiketa garaiko laugarren argazki erakusketa jarri du Artekaleko arkupeetan, aste amaierara bitartean ikusi ahalko dena: Gernika, 1960-1970 hamarkadak.
Joan den mendeko 60 eta 70 hamarkadetako zenbait irudiren bitartez, garai hartako gernikarrak ikus –eta ezagutu– daitezke argazkietan. Izan ere, erakusketak udalerriko bizilagunak erakusten ditu euren eguneroko zereginak, harremanak eta lanak egiten, herria berreraikitzen zihoan bitartean.
Garai hartako gernikarren herria zelakoa zen erakutsi gura izan dute horrela: “Gure aurrekoek ezagutu zuten bizitza da argazki zahar hauen bitartez ezagutarazi gura duguna. Gure gurasoen edo aitite amonen Gernika da herritarrek ikus dezaketena”. Hain zuzen ere, erakusketaren bitartez jakin daiteke denbora tarte horretan inauguratu zituztela Gernikako Institutua (1963) eta Merkurio iturrian ondoan dagoen argien iturria (1962). Horrez gain, etxe sindikalen argazkiak, garaiko Alhondiga eta Ubitarte kaleak ere ikus daitezke, baita Jai Alaiko (1965), zesta punta txapelketako (1966), asto lasterketetako (1961) eta txarkur lehiaketako argazkiak ere.
Umeentzat udalerrian prestatzen zituzten jarduerek ere euren lekua dute kale erakusketan; besteren artean, 1961ko monagiloak, umeentzako txirrindularitza txapelketako argazkiak (1961) edota umeen musika txapelketen (1960) irudiak ageri baitira bilduman. Udal banda eta marijesiak ere ageri dira, beste musika talde batzuen artean. Elai Alai dantza taldearen emanaldiaren baten edo institutuko ikasleen antzezlanen baten irudiak ere gorde dituzte historia taldekoek.
Gernikarrek non eta zertan lan egiten zutenari buruzko informazioa ere ematen du erakusketak, Daliako langileak, jostunak, arotzak, grabatzaileak edo Zimela Jatetxeko eta Arrien Jatetxeko langileak ageri baitira bertan. Jai egunak ere ez dira falta erakusketan, leku nahikoa hartuz –bi panel–. Eta erakusketa udalerriko garai hartako ikuspegiekin zarratzea erabaki dute Gernikazarrakoek.
Norbaitek erakusketan agertzen den argazkiren bat gura izanez gero, eurekin harremanetan jartzeko eskatu dute historia taldeko kideek.