Urteko egunik laburrenei, egitarau oparoak
Gabon aldiaren atarian dago Busturialdea. Zenbait herritan lehen ekimenak egin dituzten arren, denetarikoez osatutako jai egitarauak herritarren esperoan dira.
Urtea bereak emateko puntuan dago jadanik. 2024a ate joka dagoen honetan, iritsi da hainbeste eta hainbeste herritarrek gogotsu itxaroten duten Gabon sasoia. Busturialdeko eragileek mimo handiz prestatu dituzte denetariko ekimenez jositako Gabonetako egitarauak. Batetik, urteroko egitasmoak egingo dituzte; esate baterako, domekan han eta hemen ikusmira handiz itxarongo diete Olentzeroren eta Mari Domingiren harrerei nahiz kalejirei. Bestetik, proposamen berriak ere aukeran egongo dira eskualdeko udalerrietan.
Gabonetako datarik adierazgarrienak iristear dauden arren, zenbait herritan aspalditik hartzen diote usaina urteko aldi berezi horri. Besteren artean, Gernika-Lumon, Ean edota Gautegiz Arteagan, marijesiak kalez kale eta auzoz auzo epeldu dituzte, beraien kantu errondekin, negu giroko gau hotzak. Merezitako gabonsaria jaso, eta domekan amaituko dituzte aurtengo kantaldiak. Ohiturazko Gabon abestiek, marijesiez gain, plaza ugari hartuko dituzte gainontzeko herrietan. Hainbat tokitako herritarrak beraien ahotsak berotzen ari dira: Bermeon, Mundakan, Foruan edota Muruetan.
Bermeoko San Silbestre lasterketa solidariotik bildutako dirua gaixotasun larridun umeei laguntzeko erabiliko dute
Urtero legez, Bermeoko Eutsi Gogor Denok Batera elkarteak San Silbestre lasterketa solidarioa antolatu du, gaixotasun larridun umeei laguntzeko. Parte hartzeko dortsalak Intersport dendan salgai daude, 3 euroren truke; egunean ere Lameran eskuratu ahalko da. Aurten, kamisetek diseinu berria daukate; Aribike zein Uhaina dendetan daude salgai, 6 eurotan. 11:30ean hasiko dute lasterketa, eta 1 zenbakidun dortsala Bingen Fernandez bermeotar txirrindulari profesional ohi eta Codifis etxeko egungo kirol zuzendariak eroango du. Ibilbide luzea kilometro batekoa da; laburra, berriz, 500 metrokoa.
Lasterkaldi horretaz gain, bermeotarrek patxadaz hartuta, une bakoitza merezi duen denboran gozatuz igaroko dituzte Gabonak: gaurtik urtarrilaren 5a bitartean, hamabi egitasmo edukiko dituzte aukeran, musikaren protagonismo nabarmenagaz. Denetariko doinuak gailenduko dira, hala nola, Izaro abesbatzaren Eguberri doinuak edota Kanta Kanta Lorue-renak.
Nabarnizen, karten zirkuitu bihurtuko dute frontoia, hilaren 27an
Pilotalekua, abiadura gune.
Nabarnizen, azken urteotako Gabon egitaraurik potoloena atondu dute. Abenduaren 27an, frontoia pedaldun karten zirkuitu bihurtuko dute, 17:00etatik 19:00etara artean. Bi egun beranduago, 5 eta 12 urte bitarteko umeak sukaldaritzan abiatzeko tailerra egingo dute; txokolatezko kroketak egiten ikasiko dute. Ikastaro horretarako izen ematea hilaren 27ra bitartekoa izango dela aurreratu dute udaletik.
Mundakarrek goi mailako bertsolariak edukiko dituzte gaur [abenduak 22], 19:00etan, Kasinoan. Ez da kasualitatea bertso saio musikatuan ariko dira Oihana Iguaran, Oihana Bartra eta Ane Labaka. Urteko azken egunean, txarrak atzean uzteko eta onei harrera egiteko, urteko azkenengo bainua hartuko dute, eguerdian; arratsaldean, berotan sartzeko aukera egongo da, San Silbestre herri lasterketan izerdia botaz.
Zenbait udalerritan, irteerak antolatu dituzte Umeen Gabonetako Parkera
Zenbait udalerritan, irteerak antolatu dituzte Barakaldoko BECen egingo duten Umeen Gabonetako Parkera, batik bat, Mundakan, Foruan eta Nabarnizen. Gernika-Lumon, ostera, Jai Alai pilotalekua bi egunetan haurrentzako jolasleku bihurtuko dute, beraien UGP propioa egiteko. Agertoki horretan, gainera, Jai Alai jaia egingo dute bihar. Ondorengoak igoko dira zesta-puntaren katedraleko oholtzara: Bengo, Kerobia, Ziraun, Oxabi eta DJ Bull.
Gernika-Lumotik aldendu barik, Astra kultur faktoria 18. urtemuga ospatzen ari da abenduan zehar, eta domekan [abenduak 24] urteurren egitarauko gailurretako bat egingo dute. 13:00etan, Merkurion batu, eta herritar nahiz eragileek ospakizun brindisa egingo dute. Gero etorriko dira gainontzeko ospatzeak, esate baterako, abenduaren 26ko Eñaut Elorrietaren eta Iban Urizar Amorante-ren kontzertuak edota hilaren 31ko DJ gaua.
Muruetarrek herriko inguruak ezagutuko dituzte, ‘Murueta Ezagutuz’ izeneko ibilaldian
Tontorretara begiratuz.
Zabal hedatutako ohitura da urteari gailurretatik agur esatea eta mendia ospakizun gune bihurtzea. Aurtengoa ere ez da gutxiagorako izango, hainbat eta hainbat udalerritan egingo baitituzte mendi martxak eta talde irteerak. Muruetarrek, esaterako, herriko lurrak hobeto ezagutzeko aprobetxatuko dute irteera, Murueta Ezagutuz izeneko ekimena tarteko.
Hamaikatxo izango dira azken arnasak egiten ari den 2023a agurtzeko aukeran egongo diren moduak; hamaikatxo, era berean, erditzear dagoen 2024ari hanka onez heltzekoak. Herritarrek badute zer aukeratu eta nora joan.