Sexu abusuen kasuan, neurriak hartzerakoan "huts egin" duela onartu du Gernika KESBk
"Ez genuen salaketaren larritasunaren berri, eta horregatik ez genuen Lopez kargutik arinago kendu", adierazi zuen Gernika KESBeko zuzendaritza batzordeak atzoko [abenduak 20] prentsaurrekoan.
Mario Lopez Lointek Gernikako entrenatzaile ohiaren kontrako salaketaren osteko lehen partidua jokatu zuen atzo iluntzean Lointek Gernikak, Kangoeroes Basket Mechel belgikarren aurka, EuroCup Women lehiaketan. Partidua hasi baino minutu batzuk aurretik, jokalariak eta taldeko zuzendaritza taldeko kideak kantxara atera ziren, Mario Lopez entrenatzaile ohiak sexu erasoa egin zion emakumeari babesa adierazteko. Bat gehiago ere ez mezua zeukan pankarta eutsi zuten ikusleen aurrean. Mezu horiez gain, gehiago ere irakur zitezkeen harmailetan, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez idatzita; biktimari eskainitako mezuak ziren batzuk, Guk sinisten zaitugu bezalakoak, eta klubari erantzukizuna eskatzekoak besteak, Bakoitzak har ditzala bere ardurak esaldia, kasu.
Partiduko atsedenaldi guztietan erakusten zituzten mezu horiek zeramatzaten kartel more zein zuriak, eta norgehiagoka amaitu bezain pronto, prentsaurrekoa eskaini zuten Gerardo Candina taldeko presidente eta Juan Carlos Solo del Castillo abokatuak, zuzendaritza batzordeko kideek lagunduta. Zabaldutako komunikatuak berretsi zituzten, eta astelehenean “barkamena” eskatu ostean, atzoko prentsaurrekoan ere “mota horretako edozein jokabide desagerrarazteko borondatea” agertu zuen presidenteak: “Berriro diot, edozein eremutako edozein jazarpen, abusu edo eraso gogor gaitzetsi eta arbuiatzen dugu. Elkartasuna adierazten diegu jazarpen, abusu edo eraso ekintzak jasan dituzten biktima guztiei, eta bereziki honi”.
Horrez gain, onartu zuen “huts egin” zutela auziaren kudeaketan. “Huts egite” modura ulertu dute zuzendaritza batzordeak Lopez bere funtzio guztietatik kanpo ez uztea salaketaren berri izan zuenean: “Ez genuen salaketaren larritasunaren berri, eta horregatik ez genuen Lopez kargutik arinago kendu. Gainera, zuzenbide estatuak defendatzen duen errugabetasun presuntzioan oinarrituta hartu genuen erabakia, klubeko kide, jokalari eta entrenatzaile bakar baten segurtasuna arriskuan ez zegoela ulertuta. Benetan sentitzen ditugu egindako akatsak”.
Candinak onartu zuen kezkatuta daudela, nahiz eta neurriak hartu dituzten haurrak eta nerabeak babesteko protokoloak betetzeko. Horretarako, Ibon Torrealdai izendatu dute adingabeen babeserako arduradun, eta Soto del Castillo da araudia betetzearen ardura hartu duena. Era berean, jakinarazi zuen Jon Iriberri saskibaloiko euskal eskolako arduraduna izango dela adingabea babesteko neurrien ezarpena bultzatuko duena. “Taldearen barruan haurrak eta nerabeak babesteko sistemek funtziona dezaten indartzeko neurri egokiak hartzeko lanean ari da kluba”, adierazi zuen presidenteak.
Horrez gain, iragarri zuen ezohiko batzarra deituko dutela hurrengo asteetarako, bazkideei azalpenak emateko eta horiek erabakitzeko zuzendaritza batzordeak zein urrats eman behar dituen: “Hau kirol klub bat da, gu bazkideei zor gatzaizkie, eta eurek esango digute zer egin”. Gogorarazi zuen, gainera, abenduaren 15ean kaleratu zutela Lopez, eta kluba haren aurkako prozedura judizialean pertsonatuko dela.
Soto del Castillo taldeko abokatuak esan zuen klubak ez daukala salaketaren edukien berri, eta horregatik erabaki dutela prozedura judizialean pertsonatzea. “Ez dakigu zer gertatu zen, gutako inork ez du salaketa ikusi. Prentsak gu baino informazio gehiago dauka”, adierazi zuen, eta onartu zuen klubak hartutako neurriak ez zirela nahikoak izan. “Gure ustez, justiziak, salaketa jaso ondoren, eta akusatuaren jardunbide profesionala ezagututa, gizartearentzat arriskutsua zela ulertu izan balu, kautelazko neurriak aginduko zituzkeen”, gehitu zuten. Informazio sistema guztiak “huts egin” zuela esan zuten, bai klubak bai auzitegiak: “Informazio sistemak huts egin du. Zelan da posiblea herri honetako epaitegi batean, urte eta erdiz, datu horiek edukitzea eta guk ez jakitea? Hori guztia hobetu egin daiteke, eta uste dut sistemaren eta klubaren erantzuna ez dela nahikoa izan”.
Abokatuak adierazi zuen prozesu judizialean pertsonatuko direla zenbait arrazoiengatik: “Bata, kluba engainu baten biktima ere izan delako, informazio hori jaso baino lehen; bi, epaitegiak ulertu duelako ez zigula deitu behar; eta hiru, ez dakigulako zer gertatu den, noiz izan den edo zelan”.
Onartu zuten udalerriko sare feministagaz bilerak izan zituztela udan, eta salaketa zegoela bazekitela, baina salaketaren edukia “inoiz ez” dutela jakin azpimarratu zuten: “El Pais egunkariak jakinarazi arte, berriz diogu zuzendaritza batzorde honek ez zuela jakin salaketa sexu eraso jarraituen delitua zela”.
Neurriak.
Horregatik guztiagatik, prebentzio sistemak hobetu behar dituztela onartu zuten: “Klubaren lehen helburua horrelako ekintzak hobetu eta kontrolatu ahal izateko neurriak ezartzea da”. Hori dela eta, informazioari “aurrea hartzen” saiatuko direla esan zuten, eta, horretarako, salaketarik ez dutela baieztatzen duen zinpeko adierazpena eskatuko diete klubeko kideei: “Ezin gara gehiagora iritsi, ezin dugu epaitegietara jo. Gaur egun, edozein eremutan, aurrekari penal garbiak dituzten pertsonak salatuta egon daitezke”.