Ohiko datara bueltatuta, badator Bermeoko San Silbestre lasterketa solidarioa
Iaz abenduaren 18an egin bazuten ere, ohiturari eutsiz, Bermeoko Eutsi Gogor Denok Batera elkarteak antolatutako San Silbestre lasterketa solidarioa abenduaren 31an (domeka) izango da. 11:30ean hasiko dute Lameran. Ibilbide luzea kilometro 1ekoa da, eta, laburra, berriz, 500 metrokoa.
2023ko San Silvestrean parte hartzeko dortsalak Intersport dendan erosi daitezke (3 euro), eta egunean bertan Lameran ere eskuratu ahalko dira. 1 zenbakidun dortsala Bingen Fernandez bermeotar txirrindulari profesional ohiak eroango du.
Aurten kamisetek diseinu berria daukate, eta Aribike eta Uhaina dendetan daude salgai, 6 eurotan.
Beste behin, gaixotasun arraroak dituzten umeei laguntzeko euren aletxoa ipiniko dute lasterketan parte hartzen dutenek.