Museoaren 75. urteurreneko ospakizunei amaiera
Aingeru Astui Arrantzaleen Museoaren zuzendari ohiaren ‘La pesca a Vela en Bermeo’ liburua aurkeztuko dute bihar [abenduak 22]. Kontserbazio eta ezagutzarako ekarpena da.
Arrantzaleen Museoaren 75.urteurren ospakizunei amaiera emateko, La pesca a Vela en Bermeo liburua aurkeztuko dute bihar [abenduak 22], 19:00tan. Aingeru Astui Arrantzaleen Museoko zuzendaria izandakoak idatzitakoa da, eta liburu «oso berezia» dela esan dute.
38 urtez museoko zuzendari izan den Astuiren liburua etorkizuneko belaunaldientzat «ondarea bizirik mantentzeko espiritua» islatzen duen argitalpena dela nabarmendu dute, baita «ezagutzarako eta kontserbaziorako ekarpen eskerga bat» ere, euskal itsas historia eta ondarearen zabalkundea. La pesca a Vela en Bermeo lurraldeko itsas historiaren istorioa aberasten laguntzen duen liburua da.
Testu eta marrazki bakoitza Astuik eskuz landutakoa da. «Oso modu berezi eta ezohiko horretan arrantza-ontziei eta arrantzaleek propultsio mekanikoaren aurretik erabiltzen zituzten arte eta tresnei buruzko ikerketa bat batzen duen argitalpena da». Liburuak Arrantzaleen Museoak adierazten duen «itsas ondare material eta immaterialaren garrantzia» nabarmentzen duela adierazi dute.
Argitalpenaren 200 ale bakarrak sinatu eta zenbakituta egongo dira Arrantzaleen Museoan salgai. Bermeoko Arrantzaleen Museoa itsasoko gizon-emakumeen historia, bizitza, tradizio eta lanbidearen alderdi desberdinak erakusten dituen museoa da, eta, esan bezala, azken ekintza horregaz amaiera emango diote 75. urteurrenari.