Aurrekontu parte-hartzaileen azken fasea aurkeztu du udalak
Bermeoko Udalak jasotako 420 proposamenetik 115 sailkatu dira azken fasera. Abenduaren 30era arte bozkatu ahal izango dute bermeotarrek, bai presentzialki bai online.
Aurrekontu parte-hartzaileen azken fasean sartu da Bermeo. Udalak, herritarrek aurkeztutako 420 proposamenak jaso eta aztertu ostean, 115 eman ditu ontzat. Izan ere, proiektuek zenbait ezaugarri bete behar zituzten, hala nola, interes orokorrekoak izatea, udalaren ahalmen eta eskumenen barrukoak izatea, eta, gehienez ere, 50.000 eurorekin egingarriak izatea. Bermeotarrek abenduaren 30era arte bozkatu ahal izango dute gustukoen duten proiektuaren alde.
Proposamen finalisten zerrenda aurkeztu du Bermeoko Udalak, zazpi azpitaldetan antolatuta: kirola, ume eta gazteak, kultura, zaintza, animaliak, mantenua eta azpiegiturak, jasangarritasuna eta merkataritza.
Bermeon erroldatuta egotea ezinbesteko baldintza da, botoa eman ahal izateko, eta NAN zenbakia aurkeztu beharko da. Bozketa online galdetegi baten bitartez egin ahal izango da, edo presentzialki Berhazen, kiroldegian, kultur etxean, egoitzan edo liburutegian. Pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du, bozka horretan proiektu bakarra aukeratuta.
Udalak urtarrilaren 8a eta 12a bitartean jakinaraziko du zein den proiektu irabazlea.