Gernika KESB Mario Lopezen aurkako prozedura judizialean pertsonatuko da
Gernika KESBek atzo [abenduak 19] iluntzean jakinarazi zuen Mario Lopezen aurkako prozedura judizialean pertsonatuko dela. Aurretik, baina, zenbait hedabidetan zuzendaritza batzordekoek aitortu zuten akusazio partikular gisa aurkeztuko direla.
Lopezek jokalari adingabe bati egindako sexu erasoak gaitzesteko asmoz, saskibaloi taldeak protesta ekitaldi bat antolatu du gaur arratsalderako; Lointek Gernika Bizkaiak Mechelenen aurka Malosten jokatuko duen EuroCup Womeneko partiduaren aurretik egiteko dute ekitaldia, 20:00etan. Biktimari babesa adierazi gura diote.
Horrez gain, kirol partidaren ostean, zuzendaritza batzordeak prentsaurrekoa emango du barkamena eskatzeko eta protokoloak eta prozedurak hobetzeko duten asmoa berresteko, “salatutako erasoak bezalakoak berriro gerta ez daitezen”.