Lopezek eta Sorozabalek helburua lortuta amaitu dute ligaxka
Txanponaren bi aldeen isla izan da Eusko Label Winter Series txapelketaren 8. jardunaldia. B multzoan, Johanek eta Lopezek finalerdietarako txartela eskuratu dute, eta Arbe eta Manzi, ostera, hurrengo fasera sailkatzeko aukerarik barik geratu dira.
Johan Sorozabal biarriztar aurrelaria eta Imanol Lopez zumaiarra Eusko Label Winter Series txapelketaren finalerdietan izango dira. Ligaxkako lanak amaituta, eta bi garaipen eta porrot bakarraren ostean, momentuz, B multzoko lehen postua eurena da.
Jokin Arbe markina-xemeindarra eta Mikel Manzisidor mutrikuarra dira txapelketaren lehenengo kanporatuak. Pro-Am txapelketa irabazita lortu zuten neguko txapelketa handian sartzea, eta ligaxkan beste partida bat jokatu behar badute ere, ez daukate finalerdietara sailkatzeko aukerarik. Hala ere, bikote moduan aldarrikatu dira, eta beste partida bat daukate gozatu eta txapelketari aho zapore onarekin agur esateko.
B multzoko lau bikoteei dagokienez, gaur gaurkoz, horrela dago sailkapena: 9 puntugaz (+7) multzo buru dira Johan eta Lopez, eta bi puntu gutxiago dituzte finalerdietarako txartela esku-eskura daukaten Erkiaga ispastertarrak eta Ibarluzea markina-xemeindarrak [7 pt (+29]. Puntu bakar bat irabazi gabe daude Laduche-Gorka [0 pt (-8)] eta Arbe-Manci [0 pt (-28)] bikoteak.
Atzoko partidua. Eusko Label Winter Series txapelketaren 8. jardunaldia izan zen atzokoa [abenduak 18].
Partida oso kontzentratuta hasi zuten Arbek eta Manzik, aurkariek baino kontzentratuago. Lehenengo partidan eman zuten irudia hobetu nahi zuten, eta lehenego jokoan asmatu zuten. Serio aritu ziren, eta Sorozabali eta Lopezi koordinazioa falta izan zitzaien. Markina-Xemeingo aurrelariak bote-pronto sartu eta hormabikora bikain botatakoa izan zen iluntzeko lehenengo tantoa. 1 eta 4 jarri ziren aurretik bertokoak.
Oso ondo landutako tantoan heldu zen seinako berdinketa; aurrelari lapurtarrak barruan bikain amaitu zuena. 7 eta 6koa bederatzigarren koadrotik egin du berak, horma-biko itzela errebotetik; 8 eta 6ko ere errebotean, gerria asko sartu eta pilotari indar handia emanda, eta 9 eta 6koa, zabalean, Arbe engainatuz. Tantu horietan erakutsi zuten euren nagusitasuna zumaiarrak eta biarriztarrak. Eroso aritu ziren kantxan eta lau puntuko aldeagaz (14 eta 10) iritsi ziren azkenengo txanpara. Baina, seta bideratuta izan arren, Manzik txulara lehenbizi (14-11), Arbek errebotean ondoren (14-12) eta huts batzuk tarteko, hamalauna berdindu zuten laranjek. Intentsitate eta tentsio handiko tantua izan zen, piloteatua. Luzea. 44 pilotakada. Piloteoan gogor eutsi zuen atzelari mutrikuarrak. Azkenean Arbek aurre aurrean horma-bikoa errematatu, eta kanpora joan zitzaion zentimetro gutxi batzuengatik. Momentuan epaileek kanpoan ikusi zuten, Arbek errepikapena eskatu ostean, euren erabakia berretsi zuten.
Bigarren jokoan, konturatu orduko, 5 eta 1 aurretik izan ziren Sorozabal eta Lopez. Zalantzen txokoa bigarren aldiz eskatuta, tanto bat zuzentzen ere ahalegindu ziren laranjak, baina konbentzimenduz baino gehiago, zerbait egin beharrez. Sorozabalek eta Lopezek ondo eutsi zioten aldeari (8-3, 12-4) eta 15 eta 7 amaitu zuten bigarren jokoa.
Merezitako garaipenagaz, ligaxka borobildu zuten atzo, eta hurrengo fasera begira, akatsak aztertu eta zuzenketa batzuk egin beharko dituzte; izan ere, jokatutako hiru partiduetan, estuasunak izan dituzte, batik bat, lehenengo setean.
Abenduaren 31n. Datorren astelehenean ez da partidurik egongo, eta Winter Seriesaren 9. jardunaldia urtezahar egunez lehiatuko dute Goitia-Basque eta Olharan-Del Rio bikoteek, 12:00etatika aurrera.