40 metroko telefonia dorrea eraiki gura dutela salatu dute ereñarrek
Herritarrek ez dute ulertzen udalak kudeaketan "erakutsitako jarrera", eta eskatzen diote proiektua bertan behera uztea eta "informazio dena modu gardenean ematea".
Ereñoko herritarrek euren kexak argitara eman dituzte, udal gobernu taldeak herrian ipini gura duen telefonia dorre baten obra lanak bertan behera uztea eskatuz. Ereñarrek aurtengo irailaren amaieran eduki zuten obren berri. Atxoste eta Elizalde auzoen bitartean dagoen gunean makinak beharrean ikusi zituztenean, udalari azalpenak eskatu zizkioten, eta orduantxe eduki zuten udalaren eta izen handiko telefonia korporazio baten arteko 2021eko hitzarmenaren berri. “Hasiera batean, bestelako lanen bat izango zela pentsatu genuen, baina, denborak aurrera egin ahala, proiektuaren nondik norakoak ezagutu genituen, geure harridurarako”.
Aditzera eman dutenez, 40 metroko telefonia dorrea eraikitzea da obren jomuga, besteren artean, Ereñon “betidanik” egon den estaldura arazoari konponbidea topatzeko. Herritarren kezketako bat da dorre “erraldoi” hori herrigunetik hurre egingo dutela: “Gaur-gaurkoz, ez dago mota horretako dorreek eta uhin elektromagnetikoek osasunean eraginik dutenik, baina edukiko ez dutenik ere ez; hori urteek frogatuko dute. Dena dela, Osasunaren Mundu Erakundeak badu dekretu bat, tankerako inslazioak herrigunetik ahalik eta urrunen eraiki behar direla gomendatzen duena”.
Udalak azaldutako legezkotasunetik harago, kudeaketa horrek dituen “moraltasun falta eta koherentzia eza” nabarmendu dituzte herritarrek
Kokalekuagaz jarraituta, udalak Urdaibai Biosfera Erreserbaren mugaren nahiz inguruko bizilagunen etxeen “albo-alboan” eraiki gura du telefonia instalazioa, “jende gehien ibiltzen den inguruan, Elizalde aldamenean, baina babestutako eremutik kanpo“. Elizalde ingurua, hain zuzen ere, oinezkoentzako moldatu du udalak, herritarrak bertan elkartzeko eta herriko bizitza soziala indartzeko asmoz; beraz, “ez da ez bidezkoa, ez logikoa antena ia-ia bertan eraikitzea”. Horri erantzunez, udalak argitu du kokagunearen hautaketa eta eraikuntza aurreproiektua “legedia zorrotz beteta” egin duela; herritarrek, legezkotasunetik harago, “horrek dituen moraltasun falta eta koherentzia eza” darabiltzate ahotan.
“Horrelako estruktura itzelak ez du bilatzen soilik hiru antena hartzerik; edozein enpresak ipini ahalko du bere materiala bertan, hau da, bestelako interesekin eraikiko da.”
Proiektuari buruzko xehetasunak ezagutzeko asmoagaz, herritarrek udalera jo, eta bertan jaso zuten informea. Dorre horretan hiru telefonia antena instalatzea dute helburu, “40 metroko dimentsio erraldoia edukiko duen egitura neurrigabean”. Tamaina hori aurreikusita, ereñarrek argi dute: “Horrelako estruktura itzelak ez du bilatzen soilik hiru antena hartzerik; edozein enpresak ipini ahalko du bere materiala bertan, hau da, bestelako interesekin eraikiko da. Funtsean, Getxotik Ondarroara arteko komunikazioa bermatzeko puntu egokia da, eta hori zukutu gura dute, herriko estalduraz harago“.
69 herritarrek bat egin dute sinadura bilketa kanpainagaz
Joseba Zarragoikoetxea alkateagaz berba egin ostean, bere azalpenek ez zuten ereñarren ardura baretu eta, ondorioz, bizilagunek idazki bat prestatu zuten. Horrez gain, sinadura bilketa kanpaina ere ipini zuten martxan, 69 herritarren babesa jasoz. Idazki horretako lehen eskaera lanak bertan behera uztea da, “behintzat, herritar denak ganoraz informatuak izan arte”.
Obra horiek egin daitezen udalak eta telefonia enpresak adostutako hitzarmena publiko egitea ere eskatzen dute, “hainbat eta hainbat ereñarrek ez baitute horren berri”. Udaletik argitu dute edozein herritarrek, udaletxera joanda, proiektuari buruzkoak ezagutzeko eskubidea duela, baina kexu direnentzat hori ez da nahikoa: “Proiektua 2021az geroztik dago sinatuta, eta herritarrei ez zaie modu ofizialean ezer esan; hori udalak egin beharko luke. Gardentasun osoz jokatzea da geure eskari nagusietako bat”.
Aditu inpartzial bategaz informazio berbaldia egitea eskatzen dute, baina ez enpresaren interesak “defendatuko” dituen hizlari bategaz
Bestalde, langai horietan aditua den espezialista bategaz informazio berbaldia egitea da euren premiazko eskakizuna. Udalak enpresaren ordezkari bategaz hitz egitea proposatu ziotela adierazi dute, baina argitu dute solaskide hori “ez dela inpartziala“: “Proiektua egiteko interesa duen norbait ezin daiteke inondik inora informatzaile posiblea izan, enpresaren helmugak defendatuko baititu uneoro”.
“Lehenengo eta behin, udalerriaren estaldura beharrizanen azterketa egin behar da, zuzen-zuzenean horrelako makroinstalazioetara jo barik”
Enpresaren interesak.
Ereñoko estaldura arazoak konpontzeko, “bestelako bideak” daudela argudiatu dute: “Lehenengo eta behin, udalerriaren estaldura beharrizanen azterketa egin behar da, zuzen-zuzenean horrelako makroinstalazioetara jo barik”. Estalduraren arrazoia baliatuta, uste dute egitura txikiagoa eraikitzea “ez dela euren interesekoa”: “Kontua da enpresari ez zaiola interesatzen herriko arazoa konponduko duen antena txikia instalatzea; horren ordez, kokalekua aprobetxatu gura dute, lurralde zabala estaliko duen telefonia instalazioa eraikitzeko eta etorkizunean enpresa gehiago euren materiala dorre horretan ipintzera animatu daitezen”.
“Udalak presioa egin beharko luke, herritarron kezkak kontuan hartuz, eta ez obretarako baimena beste barik eman, egin duen legez”
Gainera, herrigunearen hurbiltasunak larrituta, azaldu dute herrian badirela jenderik bizi ez den eta kokagune egokiak izan daitezkeen “beste eremu batzuk”. Hain zuzen ere, udaletik adierazi diete ez duela esku hartze maila handirik, dorrearen kokapenean eragiteko: “Lur orube hori jabetza pribatukoa da; enpresak bere ugazabagaz tratu ekonomikoa egin, eta diru horren truke onartuko zuen jabeak bere lurretan instalazioak eraikitzea. Edozelan ere, udalak presioa egin beharko luke, herritarron kezkak kontuan hartuz, eta ez obretarako baimena beste barik eman, egin duen legez”.
“Kudeaketa guztia alkatetza dekretu bidez egin barik, guztien ahotsa aintzat hartzea benetan garrantzitsua dela deritzogu”.
Ez daude inoren aurka.
Herritarrek argi eta garbi utzi gura dute ez daudela udalaren kontra: “Alkateagaz orain arte edukitako hartu-emana beti izan da ona. Kontu honegaz hartu duen jarrera, baina, ez dugu ulertzen. Izan ere, behin eta berriro azpimarratzen du legea urratu barik jokatzen duela, hori bai, uneoro alkatetza dekretuen bitartez, eta ez herritarren iritziak jasoz eta elkarlanean arituz”. Era berean, nabarmendu dute 2021az geroztik udalean zinegotzi berriak daudela, eta beraien iritzia jakitea ere “probetxuzkoa litzatekeela”: “Kudeaketa guztia alkatetza dekretu bidez egin barik, guztien ahotsa aintzat hartzea benetan garrantzitsua dela deritzogu”.
Momentuz, telefonia antena joango den lursailean oinarria baino ez dute eraiki: “Denboratxo bat behar izan dute lan horiek egiteko; izan ere, inguru horretako lurzorua gehienbat harkaitzez osatuta dago eta, horrenbestez, ez da erraza hura zulatzea”. Horrez gain, obrak gaur-gaurkoz geldirik daudela eman dute aditzera ereñarrek. Horren zergatiaren susmoak, baina, eduki badituzte: “Uste dugu enpresak tankera horretako beste instalazio bat egingo duela Kantabria aldean, eta lehendabizi hangoa amaituko dute; seguru asko, haren ostean etorriko dira Ereñora”.
Ez hori bakarrik: udala Elizaldetik obrak dauden eremura bitarteko errepide pasaeran lanak egiten hasi da. “Elizaren inguruan bide bi daude. Bata, lehen aipatutakoa, oinezkoentzako egokitu dute; bestea, ostera, baserri batzuetara eta lanak dauden tokira doa, eta hori moldatzen ari dira. Udaletik baserriotara pasabidea hobetzeko dela azaldu arren, herritar ugarik uste dute gerora etorriko diren kamioiek pasabide errazagoa eduki dezaten dela; edozelan ere, hori oraingoz susmo hutsa da, aukera posibleetako bat”.