Udaleko "ustezko paralisiaren aurrean", Guztiontzako Herriak bere ikuspuntua plazaratu du
GHko kideek orain arte abiatutako proiektuak gogoratu dituzte. Era berean, udal aurrekontuen onarpena urtarrilean egitea aurreikusten dute.
EAJk eta EH Bilduk aurkeztutako balizko zentsura mozioaren aurrean, Guztiontzako Herriak egoeraren azterketa plazaratu du gaur [abenduak 18], Gernika-Lumoko Udaleko gobernagarritasunaren inguruan sortutako “zalantzak argitzeko”. Irakurketa horretan, Gorroñok gidatutako alderdiak adierazi du EAJren jarrera “aldakorra” izan dela: “Bi alderdien arteko akordioa 2015ean egindako hitzarmenean oinarrituta adostu zen; behin negoziazioak abiatuta, EAJ ez zen prest agertu dokumetu hartan zehazturiko alderdiak betetzeko; gerora, Itxaso Atutxak berriro negozioazioei ekiteko borondatea agertu zion Gorroñori. Jarrera aldaketa horien aurrean erabaki zuen GHk gutxiengoan agintzea eta herriarentzako guztiz beharrezkoak ziren proiektuak abian ipintzea”.
Egungo gobernu taldeak bizi duen “ustezko paralisia” dela eta, GHtik martxan jarritako proiektuak nabarmendu dituzte: “Anbulategira pasabide mekanikoa; Urbietara igarobidea; Zearreta inguruko kirol eremuaren estalkia; Aita Luis Villasante kaleko umeentzako parkea estaltzea; Astrako babeslekua estaltzea; Hirugarren Adinekoen Zentroko konponketa lanak; herritar gazteentzako etxebizitzen kudeaketa; eta abar”.
Udal aurrekontuen gaia ere aipatu du Gorroño buru duen taldeak. Hain zuzen ere, horiek zehazteko prozedura «aurrera doala» argitu dute, alderdiaren asmoa urtarrilean aurrekontuon onarpena egitea dela iragarriz. Plazaratu duten azkenengo argudioa, GHren berbetan gairik “nahasiena dena”, Busturialdearen eredu sozioekonomikoari dagokiona da. Alderdi horrek “eskualde oso-osoari” eragiten diola azpimarratuta, Guggenheim-Urdaibai makroproiektuaz mintzo dira GHko kideak.
“Eskualde guztiaren etorkizuneko eredu ekonomikoa erabakitzeko dago, eta, hain zuzen, agintaldi horretan zehaztuko da hori”
EAJren eta EH Bilduren ikuspuntuak, gai horri dagokionez, “elkarren kontrakoak” direla azalduta, “harrigarritzat” jo dute elkarren eskutik proiektu politiko bat egiteko prest egotea. “Batetik, EAJk museoa eraikitzeko estreinako urratsak egin gura ditu; bestetik, EH Bildu proiektu hori bertan behera uztea eskatzen duten manifestazioen buruan dago. Eskualde guztiaren etorkizuneko eredu ekonomikoa erabakitzeko dago, eta, hain zuzen, agintaldi horretan zehaztuko da hori”.
“Guggenheimari dagokionez, EAJk proiektuaren garapena sustatuko luke; EH Bilduk, aldiz, garapen hori oztopatu”
Horren aurrean, GHk “oso garrantzitsutzat” jo du hala EH Bilduk, nola EAJk herritarrei argi eta garbi azaltzea “zelan egingo dion aurre kontraesan horri”: “Ez luke ez hankarik, ez bururik edukiko alkatetza bi alderdi horien artean banatzeak; bateko alkateak Guggenheim-Urdaibairen garapena sustatuko luke, eta bestekoak, aldiz, garapen hori oztopatu“.
Azkenik, GHrengan euren konfiantza ipini duten gernika-lumotar guztiei “eskerrik beroenak” eman dizkiete, eta aurreratu dute, gertakizunek modu batera edo bestera aurrera eginda ere, GH “elkarrizketarako prest” agertuko dela.