"Inpunitate eta konplizitatearen aurka" mobilizatu dira herritarrak
Gernikako Sare Feministak mobilizazioa egin du gertakaria salatzeko, eta 2.800 lagun inguruk egin dute bat deialdiagaz, tartean Lointek Gernika Bizkaiako lehen mailako jokalariak egon dira.
El Pais egunkariak domekan jakinarazi zuenez, adingabe bati hiru urtez sexu abusuak egiteagatik ikertzen ari dira Mario Lopez, 11 urtetan Lointek Gernika Klubeko entrentzailea izandakoa. 1998tik 2001era arte 13 urte zituen neska bati sexu abusuak egitea leporatzen diote, lehenengo Allende Salazar Herri Ikastetxean, eta gero Gernika KESBen. Instrukzio epailearen erabakiaren zain dago Lopez.
Gernikako Sare Feministak mobilizazioa egin du gertakaria salatzeko, eta “inpunitate eta konplizitatearen aurkakoa” izan dela esan dute. 2.800 lagun inguruk egin dute bat deialdiagaz, tartean Lointek Gernika Bizkaiako lehen mailako jokalariak egon dira. Indarkeria matxista mota guztien aurrean, edo “erasoei garrantzia kendu edo txikitzeko saiakeren aurrean”, edo hitza, irizpidea eta pertzepzioa zalantzan jartzen dutenen aurrean, feministek argi dute. Biktimari sinistea da euren hautua: “Guk sinisten zaitugu”.
Hain zuzen ere, hori dela gero eta emakume gehiagok eskaintzen duten konplizitatea adierazi dute feministek: “Ahiztatasuna, laguntza eta eustea da beste emakume batek sexu abusuarekin edota indarkeria matxistarekin lotutako egoera bat kontatzen duenean eskaintzen duguna, baita gizon konkreturen bat erasotzaile bezala identifikatzen dutenean ere, salatu zein ez, aldeko epai irmoarekin zein hori gabe”.
Salatu duenez, erasotzailearen prestigiozko postuak eta bere kirol taldeko “zuzendaritzak erakutsitako konplizitateak” eraso berrien prebentzioa eta biktimari zor zaion erreparazioa “maldan gora” jartzen dituzte: “Batez ere azken hilabete hauetan gizonaren izen ona azpimarratzeko egin diren ekintzak ikusita”.
Sare feministakoek argi dute: eraso matxisten aurrean autodefentsa feminista da bide bakarra. “Hortik abiatzen gara erasotuak entzun eta babesten ditugunean, zein erasotzaileak seinalatzen ditugunean”. Isiltasunagaz eta inpunitateagaz amaitzea “beharrezkoa” dela uste dute, emakumeenganako indarkeriaren katea eten nahi bada.
Instituzioek erakutsi duten “arduragabekeriaren” aurrean, emakumeei antolatzea, elkar defendatzea eta erantzutea dagokiela diote. Hala ere, azpimarratu dute hori ez dela emakumeen kontua bakarrik: “Guztion ardura da egun eraso matxistek duten konplizitatearekin amaitzea. Lagun edo senide izan edo ez, erasotzaile bat erasotzaile bat delako, Gernikan edo edonon”.