Eskola komunitateak gaitzetsi egin du Lointekeko entrenatzaile ohiak adingabe bati egindako ustezko sexu erasoa
Lointekeko entrenatzaile ohiak adingabe bati ustez egindako sexu erasoa gaitzetsi du Gernika-Lumoko eskola komunitateak. Allende Salazar herri eskolan bildu dira elkarretaratzean.
Gernika-Lumoko eskola komunitateko ehunka ikaslek, irakaslek eta gurasok elkarretaratzea egin dute gaur Allende Salazar herri eskolan, Lointek Gernika Bizkaiko entrenatzaile ohia izan zen Mario Lopezek jokalari bati egindako ustezko sexu erasoak “irmotasunez” gaitzesteko.
Adingabe bati hiru urtez sexu abusuak egiteagatik ikertzen ari dira Lopez, El Pais egunkariak domekan jakinarazi zuenez. 1998tik 2001era arte 13 urte zituen neska bati sexu abusuak egitea leporatzen diote, lehenengo Allende Salazar Herri eskolan, eta gero Gernika KESBen.
Hala, “babesik beroena” helarazi diote Allende Salazarreko eskola komunitateko ordezkariek salatzaileari, baita bertan bildu diren hainbat eskoletako ordezkariek ere, eta herrian edozein eraso, eta bereziki, sexu abusuak jasan dituzten pertsonei elkartasuna adierazi diete: “Gure gaitzespen irmoena berretsi gura dugu kasu honen aurrean, eta, orokorrean, umeen kontrako edozein erasoren aurrean, baita erasotzaileak babesten dituztenean ere”. Eskola publiko gisa, euren egitekoa beti izango dela Gernika-Lumoko ume guztien babesa bermatzea azpimarratu dute, “bereziki zaurgarrienena”.
Argi dute haurren babesa eta ongizatea euren “funtsa” direla, eta eredu izan behar dutela, udalerriko eskola handienetako bat diren heinean: “Gertatutakoak ez zuen gertatu behar, eta ezin dugu onartu horrelakoak berriro gertatzea”.
“Zoritxarrez”, hauek egunerokotasunean errotuak dauden gertaerak direla diote, eta eskola komunitate gisa “oso presente” izan behar dituztela gehitu dute: “Horregatik, hezkuntza departamentuko protokoloez gain, 2023ko irailetik martxan dugu Kirolean eta Aisialdian haurrek jasaten duten indarkeria prebenitzeko, garaiz detektatzeko eta indarkeria horri aurre egiteko protokoloa, Allende Salazar IGEk koordinatua. Ezin dugu ahaztu, umeok babestea dela eskola komunitatearen eginbeharra”.
Horrez gain, prebentzioa, bizikidetza eta elkarbizitza eremuan hainbat ekintza aurrera eroaten dituztela gehitu dute: “Larritu eta urduritu egiten gaitu horrelako berri batek. Baina gertatzen da, eta norberaren inguruan ere bai. Horregatik, tutoretza planetan heziketa afektibo sexuala lantzea dugu helburu”. Izan ere, uste dute prebentzio handiena dela heziketa afektibo sexuala bultzatzea: “Zer da intimitatea, zein da muga dauden, noiz ezarri behar diren… zehaztea garrantzitsua da, eta badago zer egin. Esku hartzeak ondo daude, baina egunerokotasunean gai horiek lantzea ere garrantzitsua da”.
Izan ere, Nahia Idoiaga psikologian doktore eta EHUko irakasleak dio bost umetatik batek jasaten duela haurren kontrako biolentzia sexuala. Estatistiken arabera, Espainiako estatuan, 18 urtetik behera kirola egin dutenen %78k biolentzia jaso du, behin behintzat. Eta, gainera, datuek diote biolentzia batzuk, fisikoa kasu, gehiago ematen direla kirola egin dutenengan. “Horrek ez du esan nahi kirola txarra denik, ez eta leku biolentoa denik ere, baina erakusten du presente eduki behar dugun arloa dela”, azpimarratu du Idoiagak.
Beraz, Allende Salazarreko eskola komunitatean argi dute: prebentzioa, detekzioa eta jarduketa landu behar dira.