Beti Gazte garaile Busturiko kanporaketan
Talde lesakarra bi kategorietan nagusitu zen. Murueta Sokatira Taldea Donezteben zapatuan [abenduak 23] jokatuko den finaletik kanpo geratu da.
Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa hartu zuen Busturiak, zapatuan [abenduak 16]. Gizonezkoen 640 kiloko eta emakumezkoen 540 kiloko hirugarren kanporaketak jokatuko zituzten.
Gizonezkoen kanporaketan, Murueta Sokatira Taldea, Abadiño, Amaiur, Beti Gazte, Ibarra, Ñapurrak eta Zuraide A eta B taldeak aritu ziren nor baino nor. Emakumezkoen 540 kiloko kategorian, berriz, bost talde lehiatu ziren: Abadiño A, Amaiur, Badaiotz, Beti Gazte eta Ibarra. Bi kanporaketetan Beti Gazte talde lesakarra nagusitu zen.
Taldeek 3 tiraldiko txandetan lehiatu ziren. Elizondon jokatu zituzten aurreko kanporaketetan bezala, gizonezkoen 640 kilokoan talde nafarrak 8 puntu eskuratu zituen; Zuraide A bigarren sailkatu zein 6,5 puntugaz, eta Ñapurrak hirugarren puntu berdinekin. Murueta Sokatira Taldeak 2 puntu eskuratu zituen.
Emakumezkoen 540 kilokoa ere Beti Gazte talde nafarrak (5 puntu) irabazi zuen. Ibarra (4 puntu) eta Badaiotz (3 puntu) sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuetan.
Abenduaren 23an [zapatua] Donezteben jokatuko dituzte bi kategorietako finalak sailkapeneko lehen sei taldeek: Murueta Sokatira Taldea eta Zuraibe B finaletik kanpo geratu dira.