Gaztelekuko zerbitzua etetea erabaki du Bermeoko Udalak
Gaztelekuan ematen diren denetariko arazoak dira arrazoi nagusia. 2025erako zerbitzu programa berria landuko dute.
Asteburutik aurrera Gaztelekuko zerbitzua bertan behera geldituko dela iragarri zuen atzo [abenduak 14] Bermeoko Udalak. Zerbitzua Bermeoko gazteek, hezkidetzan eta berdintasunean oinarrituta, beraien aisialdian gozatzeko, ikasteko eta komunitatean parte hartzeko helburuarekin sortu zen. Udalaren esanetan, “begirada hezitzaile batetik”, Gaztelekuak ez ditu ezarritako helburuak betetzen.
Maite Caruezo: “Agenda berria sortuko da, ekintza ezberdinekin eta hilero helburu desberdinekin”
Maite Caruezo Gazteria saileko zinegotziak esan zuenez, “Gaztelekuak sortzen dituen arazoak ez dira bertara mugatzen, harago doaz, bai kultur etxeko langileekin, bai kultur etxean parte hartzen duten bestelako pertsonekin”. Arazoari irtenbidea bilatu eta gero, asteburutik aurrera zerbitzua etetea erabaki dute. Caruezok adierazi zuenez, “udalarentzat garrantzitsua da bermeotarren beharrei erantzuteko eskaintza garatzea”, eta horretarako udalarekin batera lantalde berria sortuko da “2025erako zerbitzu programa berri bat garatzeko”.
Gaztelekuaren zerbitzua “beste ikuspuntu batetik” ondu nahi du udalak, hala nola, errespetua, erantzukizuna, berdintasuna, kritika eta partaidetza eta hizkuntzaren normalizaziioa bultzatuko dituen zerbitzua bihurtuz. Hori garatu bitartean, “agenda berria sortuko da, ekintza ezberdinekin eta hilero helburu desberdinekin”. Lanketa horretan, Gazteria sailarekin batera, Gizarte Ongizate, Berdintasun eta Euskara sailak egongo dira, nagusiki.
Endika Etxebarria: “Ikuspuntu hezitzaile batetik ludoteka eta gaztelekua elkarren ondoan egotea kaltegarria da”
Aurreikusi dituzten helburu horien artean, besteekiko tolerantzia, emozioen kudeaketa eta ingurua eta bertan aurki daitekena ezagutzea daude, besteak beste. “Emakumeen ahalduntze pertsonala eta kolektiboaren alde eta beraien aurkako indarkeriaren prebentzioan lan egiten eta gazte ekintzailetza bultzatzen” jarraituko dutela azpimarratu du Caruezok. Gaztelekuko zerbitzua mantentzeko “ahal zen guztia” egin dutela nabarmendu gura izan du, baina “asteburuko ikusitako problematikak ez du beste aukerarik eman”.
Familiekin hitz egin dutela adierazi zuen Endika Etxebarriak, Gizarte Ongizateko zinegotziak. Gaztelekuan biltzen diren gazte guztiekin arazorik izan ez badute ere, Gaztelekua “urteetan zehar degradatuz joan da zerbitzua, beste zerbitzu batzuei eraginez”. Zerbitzua koordinatzen zuten langileekiko irainak, eta bestelako “ekintza deliktiboak” eraman dute udala erabaki hau hartzera; izan ere, langile batek baino gehiagok egoera horren aurrean lana uzteko erabakia hartu du.
Espazio berria.
2024rako sortuko dituzten ekintzak zein 2025erako sortuko duten zerbitzu berria ez dira egungo Gaztelekua dagoen toki berean egongo, noizbehinka erabiltzea posible izan daitekeen arren: “Ikuspuntu hezitzaile batetik, ludoteka eta gaztelekua elkarren ondoan egotea kaltegarria da; garai ezberdinetan dauden adingabeak espazio berean biltzea ez da ideia onena”. Udalak ez dio erabaki horren errua inori leporatu nahi, baina bai “nerabe guztiei emateko zerbitzu bat eraiki, Bermeoko errealiltateari erantzuten diona, eta beti ikuspegi hezitzaile batetik”.