Gabonetarako egitaraua aurkeztu dute, Bermeon
Abenduaren 17an [barikua] hasi eta urtarrilaren 5ean [barikua] amaituko da.
Gabonetarako ekintza programa aurkeztu du Bermeoko Udalak, herriko hainbat talderekin batera. Egitarau “potoloa” antolatu dute, abenduaren 17tik [domeka] hasi eta urtarrilaren 5a [barikua] bitartean egingo diren 18 ekintza biltzen dituena. Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoekin batera, musika emanaldiak izango dira protagonista Gabonetan, Bermeon.
2022an jaiotako umeen bertso-liburuaren aurkezpenarekin hasiko den egitarauaren punturik gorenetako bat Olentzero eta Mari Domingiren harrera izango da, abenduaren 22an [barikua]. Endika Etxebarria kultura zinegotziak adierazi duenez, “aurten udalak hartu du ekitaldiaren ardura”. Bermeoko Udalak “ekimen ezberdina” egingo duela esan du: 17:00etatik 19:00etara Olentzero eta Mari Domingirekin argazkiak ateratzeko tartea egongo da, “umeek gutuna bidali eta Gabonetarako zer opari nahi duten esateko”.
Udalak abenduaren 24an [domeka] “kalejira errekuperatzea pentsatu duela” iragarri du Etxebarriak. “Egun guztiko ekimena izango da. Goizean tanborrada, KIETB erraldoi txikien konpartsa, Kanta Kanta Lorue, Josepa Kale Kale eta Ross dantza eskola arituko dira, giroa berotzen. Arratsaldez, ordea, Olentzero eta Mari Domingiren kalejira, Alkartasuna Dantza taldea, Arrekatxutxa trikitilari taldea, Kankinkabara txistu taldea, Ross Dantza eskola, Bermeoko Abesbatza, Divenire Dantza eskola”. Kalejira Atalden hasiko da; Goiko Plazan, Taraskan, Erriberako Plazan eta liburutegian ere ekitaldiak egongo dira.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Ez gara jaitsiko ikuskizuna egongo da Artza frontoian, abenduaren 27an [eguaztena]. Bi saio egongo dira eta sarrerak erosteko “erne” ibili beharko dira gerturatzeko interesa dutenak. Etxebarriak iragarri duenez, gaur [abenduak 15] sarrerak erosteko “ilara luzea” egon da.
Errege Magoei begira, Bizkaibus Gabonak Tour egongo da abenduaren 3an [eguaztena], frontoi aurrean. Abenduaren 5ean [barikua], urtero bezala, Errege Magoen kabalgata egongo da, 18:00etatik aurrera. Aurten “apur bat ezberdina” izango dela iragarri du zinegotziak: Kabalgatan BUDEK, Gurutze Gorria, Divenire dantza eskola, Ross dantza eskola, Gaztelugatxe tanborrada taldea, KIETB eta Izaro Bikers taldeek parte hartuko dute, besteak beste.
EGITARAUA
Abenduak 17, domeka.
12:00-13:00. 2022an jaiotako umeen bertso-liburuaren aurkezpena, Kafe Antzokian.
12:30. Coro Rociero elkartearen eskutik Gabon kanten emanaldia, Kasinoan.
– Bermeoko abesbatzaren eta Portugaleteko abesbatzaren eskutik meza abestua, Almikako elizan.
Abenduak 18, astelehena.
12:30. Gabon doinuak-en aurkezpena Sancti Spiritus zaharren egoitzan.
Abenduak 20, eguaztena.
19:30. Gabon doinuak-en aurkezpena Nestor Basterretxea aretoan.
Abenduak 21, eguena.
20:00. Elvis Gospel kontzertua Santa Maria elizan.
Abenduak 22, barikua.
17:00-19:00. Olentzero eta Mari Domingiren harrera herriko umeei, Santa Mariako eleizpean.
Aita Mari eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeen aldeko Gabon kanten kalejira.
20:00-22:30. Kanta Kanta Lorue-n emanaldia, Goiko plazatik hasi eta Lameraraino.
Abenduak 24, domeka.
Goizez, tanborrada, KIETB erraldoi txikien konpartsa, Kanta Kanta Lorue, Josepa Kale Kale eta Ross Dantza Eskolaren emanaldiak.
Arratsaldez, Mari Domingi eta Olentzeroren kalejira, herrian zehar.
Abenduak 25, astelehena.
13:00. Eguberri meza abestua Izaro abesbatzaren eskutik, San Frantzisko elizan.
Abenduak 27, eguaztena.
12:30-13:30. Bermeoko Erraldoi Txikien ate irekiak, Irakaskintza kalean.
16:00. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Ez gara jaitsiko ikuskizuna, Artz frontoian. (1. saioa)
17:30-18:30. Bermeoko Erraldoi Txikien ate irekiak, Irakaskintza kalean.
18:30. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Ez gara jaitsiko ikuskizuna, Artz frontoian. (2. saioa)
Abenduak 28, eguena.
19:30. Gabon doinuak, Izaro abesbatzak abestuta, San Frantzisko elizan.
Urtarrilak 3, eguaztena.
Bizkaibus Gabonak Tour, frontoi aurrean.
Urtarrilak 5, barikua.
18:00. Errege Magoen desfilea, portutik.