Ekintzailetza, elkarlanetik
Barrutialde BHIko Lanbide Heziketa eta Batxilergo Orokorreko ikasleak Ekoetxean elkartu dira, ekintzailetza jardunaldietan teknifikazioa talde dinamikekin uztartu, eta gaitasunak indartzeko.
Ekintzailetzak asko du teknifikaziotik, baina baita talde lanetik, proaktibotasunetik eta irudimenetik ere. Hori ederto batean daki Barrutialde BHIko lantaldeak. Zentroak, bere ibilbidean, hainbat eta hainbat egitasmo eta ekimen egin ditu ekintzailetza eta lan munduratze profesionala bultzatzeko asmoz, baina orain urrats handi bat aurrera egin du: ikasleak ikasgeletatik atera dira, Busturiko Ekoetxeara joateko. Hantxe egin dituzte, hain zuzen ere, ekintzailetza jardunaldiak. Ekimena NextGeneration programaren barruan finkatuta dago, Lanbide Heziketako ekintzailetza gelak, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak eta Europar Batasunak finantzatuta.
Lanbide Heziketako nahiz Batxilergo Orokorreko 80 ikasle saretu dituzte Ekoetxean
Lanbide Heziketako nahiz Batxilergo Orokorreko 80 ikasle beraien artean elkartu eta nahastu dituzte, denen arteko talde lana eta eremu desberdinetako ikasleen arteko hartu-emana sustatzeko. LHtik, Fabrikazio Mekanikoko honako alorretako ikasleak batu dira: Mekanizazioa, Fabrikazio Mekanikoko Diseinua eta Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa; horiekin batera, Zurgintza esparruko ikasleek ere partu dute, Batxilergo Orokor mailakoez gain.
Jardunaldien lehen gailurra Rotobasque enpresako kideen hitzaldia izan da. Berbaldi horretan, ikasleek ekintzailetzaren “denetariko aurpegiak” ezagutu dituzte: “Ikusi dute ekintzaile izatea ez dela mugatzen norbere enpresara; intraekintzaile ere izan daitekeela azaldu diete, hau da, lanpostuan ideia berriak proposatu daitezkeela, etengabe hobetzeko lanabes horiek behin eta berriro landu daitezkeela”. Ikasleek begi onez hartu dute hitzaldia, eta askok zalantzak plazaratu dituzte.
Talde txikietan bilduta, denetariko dinamikak jorratu dituzte
Ondoren, profil ezberdinetako ikasleak euren artean nahastu dituzte, talde txikiak sortuz. “Bakoitzak bere gaitasunak baliatuz, talde dinamikak egin dituzte. Horietako bat uztaiarena izan da: talde bakoitzak uztai bati atzamar bategaz eutsi behar izan dio, lurrera erori ez dadin. Horregaz, kide bakoitza talde edo enpresa barruan ezinbestekoa dela ikusarazi gura dugu, eta euren arteko talde lana bultzatu”. Elkarlan hori “probetxuzkoa” da, denetariko adin, profil eta ikasketetako kideak “euren artean saretzen direlako”.
Bertoko beharrei erantzuna.
Eskualdeak dituen beharrizanak detektatzea eta ikasleen ekintzailetza beharretara aplikatzea izan da jardunaldietako azken jardueraren ardatz nagusia. Ekintzaileek ondorengo galderei erantzuna topatu behar izan diete: “Zer eskaini diezaiokegu guk eskualdeari? Zeintzuk dira geure inguruan dauden beharrizanak? Nola bideratu ditzakegu geure ahalmenak ekintzailetzarantz?”. Taldeka antolatuta, hausnarketak egin dituzte ikasleek, eta talde bakoitzeko ideia bat jendaurrean aurkeztu dute. Aurkezpen horretan, eskualdean detektatutako gabezia bat eta hori betetzeko prozeduraren zirriborroa azaldu dituzte. “Talde bakoitzean, partaideek hoberen egokitzen zaien arloa landu dute, izan ideien sormena, garatze prozesua, edota gainontzekoen aurrean plazaratzea“.
Curriculumak eskatu ohi duen espezializazioaz eta teknifikazioaz gain, ekintzailetzarako beharrekoak diren dinamikak eta metodologiak lantzearen aldeko apustu argi eta garbia egin du Barrutialde BHIk. “Lan arloak ekintzailetzara bideratutako ikuspuntua dauka eta, horrenbestez, ezinbestekoa da ikasleek curriculumean denetariko gaitasunak landuta edukitzea, euren formakuntza zentzu denetan integrala eta goi mailakoa izan dadin”.