'Migratzaileak' dantza ikuskizuna, "mugimendura zabaltzeko ariketa"
Aukeran Dantza Konpainiak zapatuan, 19:00etan, Lizeo Antzokian eskainiko du ikuskizuna.
Migratzaileak dantza ikuskizuna eskainiko du Aukeran Dantza Konpainiak zapatuan [abenduak 16], 19:00etan, Lizeo Antzokian. Ikuskizunak “mugimendura zabaltzeko ariketa bat” proposatuko die ikusleei: “Ireki gogoak, ireki kuriositatea, ireki gorputzak, ez dadin norbera izan hormarik altuena”.
Ikuskizunean, jarrera eszenikoa baliatuta, irekitasuna dantzaren bitartez adieraziko dute dantzariek. “Historiari begiratu behar zaio gure mina besteena ere badela oroitzeko. Mina ukatu gabe, enkontruak ospatzeko prest egotea da publikoari proposatzen dioguna. Ze, zer da migratzaile izatea, ez bada, funtsean, mugitzea?”, galdegin dute, eta mugimendua gorputz bat lekuz aldatzeko prest egotea dela adierazi dute. Leku berri horretan norbera den gorputza berriro deskubritzeko proposamena ere bada Migratzaileak ikuskizuna.
Izan ere, migrazioa mugimendua dela, eta mugitzea, funtsean, gorputz bat lekuz aldatzea dela diote konpainiako arduradunek. “Lekuz aldatzean gorputzaren barruko guztia mugitzen da harekin: ametsak, beldurrak, minak eta itxaropenak. Migrazioa mugimendua da. Eta mugimendua arintasuna da, mugarik eza. Gorputzak irekitasuna behar du mugitzeko: irekita egon behar da mugimendua abiatzeko, irekita egon behar da mugimendua jasotzeko”.