Gabon kanten lehiaketa egingo dute Mundakan
Domekan [abenduak 17] egingo dute, Kasinoan. Bildutako dirua La Cuadri Del Hospi elkartearentzat izango da.
Gabonetako abestien lehiaketa egingo domekan [abenduak 17], Mundakan. Ikasle Gurasoen Elkarteak (IGE) antolatuta eta Mundakako Udalak babestuta, arratsaldeko egitaraua edukiko dute herritarrek, Kasinoan. 17:30ean hasiko dira. Herriko umeei zuzendutako Gabon kanten lehiaketaren helburua, antolatzaileek aurreratu dutenaren arabera, Mundakako ohiturak berreskuratzea izango da, “taldelana oinarri hartuta, musikarekiko zaletasuna bultzatzeta eta, era berean, Gabonetako abestien ezagutza herritarren artean sustatzea”.
Txapelketara aurkeztutako ume talde bakoitzak abesti bakarra abesteko aukera edukiko duela iragarri dute. Horrez gain, aukeratzen dituzten kantuak euskal jatorrikoak izan beharko direla zehaztu dute. Ondorengo kategorietako haurrek parte hartu ahalko dute: HH3-HH5 belaunaldi b itartekoek, LH1-LH3 artekoek, LH4-LH6 artekoek, DBH1-DBH2 artekoek eta DBH3-DBH4 artekoek. Lehiaketa amaitu eta gero, udal ordezkariek azaldu dute parte hartzaile guztiek eta Kasinora bertaratzen direnek txokolate beroa jateko aukera edukiko dutela.
Helburu solidarioagaz.
Lehiaketa egunean Mundakako Kasinoan bildutako diru guztia La Cuadri Del Hospi elkartearentzat izango dela aurreratu dute; Gurutzetan prozesu onkologikoekin ospitaleratuta dauden umeen gurasoek osatzen dute elkarte hori.