Txoriburutarrak bai, baina buruan txoririk ez
2019az geroztik, Txoriburu Produkzions hazi baino ez da egin. LP eta EP bana eta single sorta bat kaleratu ditu Gautegiz Arteaga eta Busturiko kidez osatutako taldeak. Aldarria esku batean eta umorea bestean, beraien musika bidea egiten segitzeko asmoz dira.
Auto baten barruan jaio ziren euren lehen melodiak, eta sortu ziren euren lehen riffak. Kanpoaldeko hotzaren ihesean elkartu ziren behinola, pandemia sasoian, Asier Gomez eta Asier Foruria arteagarrak. Musikaren berotasunak, baina, kotxe barrualde hura sobera epeldu zuen, eta euren doinuak kanpoaldera atera zituzten.
Asier Gomezek (gitarra eta ahotsa), Kerman Gomezek (baxua eta bigarren ahotsa), Asier Foruriak (gitarra, ahotsa eta ekoizpena) eta Ibai Zobaranek (bateria eta perkusioa) euren ardurak, ilusioak eta eguneroko kontuak abestiz janztea erabaki zuten. Horrelaxe jaio zen Txoriburu Produkzions.
2019an hasi ziren lehendabiziko entseguak egiten
Institutu sasoian, 2019an, kotxe barruko saio akustikoetatik distortsiora jauzia eginda, lehen entseguak egiten hasi ziren. Abestiek ez zuten denbora luzerik behar izan gorpuzteko. Zobaranen Busturiko baserrian gotortzen dira gehien gustatzen zaienaz, musika egiteaz, gozatzeko. Ez dute handigurarik, euren pretentsioak mundutiarrak dira oso. Taldearen izena bera, horren erakusle: “Kotxean era kaotikoan, txoriburuak legez, jotzen genuen, eta gure produkzioak umilak dira, bestalde; hortik dator taldearen izena”.
Lehen kantak “zetozen modura” grabatzen zituzten, punkari dagokion jarreragaz: lehen kolpera, inprobisazioz, less is more pentsamenduz. Denborak aurrera egin ahala, grabaketak antolatuago egiten joan ziren: eskarmentu gehiagogaz, hotzago pentsatuz, buruan txoririk gabe. Estilistikoki, ez dira korronte bategaz ere ezkontzen, baina ageri zaie euren jarrera eta musika ulertzeko moldea punk rocketik hurre dagoela: “Bai entseguetan, bai zuzenean, bizkor eta ozen jotzea gustuko dugu”. Iturri ugaritatik edan arren, Leihotikan atsegin dute, baita Sarkor ere. “Bidea markatu digun talde bat da, Gernikakoa bertakoa, gainera”.
“Batzuetan molde musikalak apurtzen ditugu, esperimentatu, eta Soldadito Makinero moduko abesti teknologikoagoak egin”
Kideetako bakoitzak bere ekarpenak egin arren, Foruria da “taldeko itzalpeko garuna“: “Txoriburukerien zale gara, baina bera soinu eta irudi kontuetan aditua da; hori ikasten dabil Madrilen. Beraz, batzuetan molde musikalak apurtzen ditugu, esperimentatu, eta Soldadito Makinero moduko abesti teknologikoagoak egin”.
Pasioa eta autogestioa.
Orain arte grabatutako abestiak beraien kabuz ekoitzi eta grabatu dituzte txoriburutarrek, baina badute jomuga berririk ortzimugan: “Foruriaren adiskide batzuek Madrilen estudio bat dute, eta abesti zaharrak nahiz zenbait berri bertan grabatzeko asmoa dugu, aurrekontuak ahalbidetzen digun artean”. Euren orain arteko lan luzeak, Seriotasune hartzen izenekoak, are zentzu gehiago hartuko du, beraz. “Badira erdipurdi grabatutako zenbait abesti, eta seriotasun handiagoagaz landu gura ditugu”. Busturian entseatzen dute, “ahal duten neurrian”. Foruria, izan ere, Madrilen bizi da, eta entseguetarako tarteak, ondorioz, murritzagoak dira. Edozelan ere, talde moduan finkatzea eta erregulartasun handiagoagaz entseatzea espero dute.
Abestietako hitzetan, oinarri bi uztartzen dituzte: umorea eta oldarkortasuna
Punk jarrerari egokitzen zaizkio, bestalde, abestietako hitzak. Oinarri bi uztartzen dituzte: umorea eta oldarkortasuna. Sorkuntza prozesuari buruz galdetuta, hori ere punk samarra dute: “Hainbat modutara funtzionatzen dugu, arrazoi edo kausa barik. Izan daiteke melodia batetik hastea, edo riff batetik, edo hitzetatik”. Dena dela, kanta orok pasatzen du Foruriaren iragazkia: “Berak egiten ditu ekoizle beharrak, abestiak galbahe batetik pasatuz”. Bestalde, probokazioaren labana ederto zorroztuta dute, abestien izenetatik hasita: Soldadito Makinero, Poliedro Sanchez, Potroak Joten, Kaliek hutsik, Anda Suelto, Zierrabares, eta abar. Zer esanik ez azalen kasuan; taldekideen argazkiei politikarien aurpegiak ipini izan dizkiete, besteren artean.
Urdaibai Saltzen Dauz kantak jasotako harrera “begi onez” hartzen dute taldekideek, baina ez dute “moda bat legez” ulertzen
Azkenaldion euren izena ezagunago egin da, Urdaibai Saltzen Dauz kantak hautsak harrotu ostean. Izan ere, Guggenheim Urdaibai makroproiektuaren aurkako mugimenduak bat egin du kantu horregaz, eta sareetan nonahi entzun daiteke. Kideek “onerako” hartzen dute harrera hori, baina ez dute”moda bat legez” ulertzen: “Orain, gai horren pisua tarteko, oihartzuna hartu du, baina guk argi dugu ez dugula olatu batera igo gura. Hain zuzen ere, abesti hori proiektua azaleratu orduko sortu genuen, Gaztelugatxen eta, oro har, eskualdean gertatzen ari zena eta gertatzeko zegoena ikusita”.
Hasi zirenez geroztik, ez dute handigurarik eduki, taldearen harrerari dagokionez. “Betidanik oso argi izan dugu lagunek eta hurrekoek babesa emanez gero guretzako nahikoa izango zela; hori, behintzat, lortu dugu. Hortik aurrera jasotako jarraipena eskertu besterik ezin dezakegu egin, baina ez gara horren bila ibili“. Elkartasun horrek zerikusi handia du aspaldion kontzertuak jarraian eman izanagaz: “Erregulartasunez jotzean, erosoago gaude oholtzan, lasaiago, eta hobeto pasatzen dugu”.
Musika elkarbanatzea den “altxorraren” jakitun, kolaborazio bi egin dituzte euren bidean. Batetik, Cumpleaños un Martes taldeko abeslariak Anda Suelto abestiaren bigarren zatian abestu du; bestetik, $MOOTH izen artistikoz ezaguna den Imanol Loza rap abeslari muxikarrak, Urruntzen-en.
“The Txori-Burus EPko zenbait kantagaz eta berri batzuekin, LP bat sortzea”
Abesti berriak, bidean.
The Txori-Burus EPko zenbait kantagaz eta berri batzuekin, LP bat sortzea dute buruan txoriburutarrek. Urratsak egiten segitzeko sugarra pizturik daukate. Orain arteko bidean, zenbait inflexio une eduki dituzte, euren garapenean giltzarri izan direnak. “Bat Egurre Gazte Asanbladak antolatutako kontzertua izan zen; beste bat, Gernikako jaietan emandakoa; baita Gautegiz Arteagan edo Natxituan emandakoak ere”. Agertoki berriak ezagutzeagaz ere amesten dute: “Gustuko plazak asko eta asko dira; adibidez, Gernikako jaietan, Pasealekuan, jotzea benetan izugarria litzateke. Era berean, Lekuek jaialdiak ere pila bat erakartzen gaitu”.
Auto hartako kabia akustikotik atera ziren laurak, besarkatu zituzten distortsioa eta dezibelak, eta jada ez dago atzera begiratzerik. Geratzeko etorri dira. Ze, txoriburutarrak izan arren, buruan ez dute ezelako txoririk.