Paketatze hondakinak murriztearen garrantziaz kontzientziatzeko jokoak
'Aztarna Garbiak' ekimenak hartuko du San Juan Ibarra barikutik [abenduak 15] domekara [abenduak 17] bitartean. Joko eta galdetegi baten bidez, hondakinak murriztearen garrantziaz kontzientziatuko ditu herritarrak.
‘Aztarna Garbiak’ ekimena Gernika-Lumoko San Juan Ibarrara ailegatuko da barikuan, eta domekara bitartean, jokoen eta lehiaketa baten bidez, hondakinak murriztearen garrantziaz kontzientziatuko ditu herritarrak. Hala, gehien kontsumitu ohi diren produktuek enbalaje gehiegi izaten dutela nabarmenduko dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekimenak enbalajeak sortzen duen hondakin kopurua murriztea du helburu. Izan ere, Europar Batasunean erabiltzen diren plastikoen %40 eta paperen %50 enbalatzeko erabiltzen dira, hau da, udal hondakinen %36 dira paketatze hondakinak. Hori oinarri hartuta, Europako Batzordeak 2030erako erronka “garrantzitsua” ezarri du: enbakaje guztia berrerabilgarria edo birziklagarria izatea. “Erronka hori gure gain hartzen dugu ekimen honekin”, adierazi du Arantza Atutxa Ingurune Natural eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak.
Azpimarratu duenez, “beharrezkoa” da erakundeen, enpresen eta ekonomiaren arloko neurriak “berehala” hartzea, baita gizarte arlokoak ere. “Denok egin behar dugu ekarpena. Eta gizarteak enbalaje gehiegi erabiltzearen aurkako borrokarekin bat egin dezan, lehenik eta behin, horren ondorio negatiboak zein diren jakin behar du. Hori lortu gura dugu ekimen honekin”, adierazi du.
Gernika-Lumoko Udalak ere bat egin du hondakin gutxiago sortzearekin eta enbalajeari buruzko hondakinak murrizteak duen garrantziaz informatzeko eta kontzientziatzeko beharrarekin.
Hala, bi obra edukiontzi jarriko dituzte San Juan Ibarran, eta bakoitzean, trebetasunekin lotutako jokoei aurre egin beharko diete parta hartzaileek. Esperientzia amaitu aurretik, baina, azken galdera txanda bati erantzun beharko diete. Zehaztu dutenez, joko eta galdera horien helburua da etxeetan enbalaje kontsumo murriztea, produktuak edo materialak berrabiltzea bultzatzea, eta hondakinak birziklatzea sustatzea. Ildo horri jarraituz, birziklapenari buruzko zenbait datu eskainiko dituzte; besteak beste, zer akats egiten diren hondakinak edukiontzietara botatzean, zenbat denbora behar duten ontziek desegiteko, zertan datzan ozeanoen kutsadurak edota zer produktu sortzen diren hondakinak birziklatuz.
Gune horretarako sarrera librea izango den arren, aldez aurreko erreserba sistema bat gaitu dute kartelean agertzen den QR kodean zein hurrengo estekan: www.aztarnagarbiak.eus/eu. Edukiontzien ondoan jarriko duten karpan ere izena emateko aukera izango dute bertaratzen direnek.