Loitiagako basoko sekretuak ezagutzeko bisitak
Bi txanda prestatu dituzte inguru horretako baso mistoa, ibarbasoa eta artadia ezagutzeko. Bisita gidatuan parte hartu gura dutenek barikuko [abenduak 15] 13:00ak aurretik izena eman beharko dute.
Nabarnizko Loitiagako hiru sekretuak ezagutzeko bisita gidatua egingo dute mendizaleek zapatuan [abenduak 16]. Izan ere, bi txanda prestatu dituzte inguru horretako baso mistoa, ibarbasoa eta artadia ezagutzeko, 10:30etik 12:00etarako txanda da lehenengoa, eta 12:30etik 14:00etara bitartekoa, berriz, bigarrena.
Ibilaldira gerturatzen direnek, 750 metrotan, Loitiagako basoko sekretuak ezagutuko dituzte. Izan ere, 1988ra arte hainbat udalerritako hondakinak jasotzen zituen Loitiagako zabortegi zaharraren gainean sortu den baso mistoa ezagutzeko aukera izango dute, baita inguru horretako artadia eta ibarbasoa bisitatzekoa ere. Lurzoru karstikoaren gainean sortu da baso mistoa, eta berez hazten den artadiarekin bat egiten du.
Baso horien ondoan, udal jabegoko lurretan, Loitiagako ingurua leheneratzeko eta birlandatzeko proiektua bultzatu du udalak, eta zenbait ekintza jarri ditu martxan: garbiketa lanak, flora inbaditzailea kentzeko lanak eta bertoko zuhaitz eta zuhaixka aleak landatzeko lanak. Basa faunarentzako babeslekuak ere jarri dituztela adierazi dute.
Hala, ibilbide labur horretan, hiru basoetan aurkitu daitekeen flora eta fauna ezagutzeko aukera izango dute. Basoan sartu eta hegaztiak entzutea “oso ohiko gauza” dela diote antolatzaileek, eta hegazti txikiak zuhaitz artean behatzea ere bai. “Erreka ertzean sorgin orratzak eta txitxiburduntziak ikustea ere erraza izaten da, baina ugaztunak ez ditugu erraz ikusiko; basurdea, azkonarra, orkatza, azeria… bizi dira bertan”, argitu dute. Behar bada, beraien aztarnak ezagutuz gero, basoan nor ibili den jakin ahal izango dute bertaratzen direnek, eta baliteke okil beltza ere entzun ahal izatea.
Animaliez gain, bizitzaz beteriko piramideak eta habia kutxak ere ikus daitezke basoan. Biodibertsitatea hobetzen eta kontserbatzen laguntzen duten elementuak dira horiek, basoko faunarentzako babesleku alternatiboak eskaintzen dituztenak. “Bizitzaz beteriko piramideak intsektu xilofagoentzako guneak dira, eta, era berean, beste intsektu, hegazti, narrasti eta abarrentzako jaki gune ere izaten dira. Habia kutxak, bestalde, basoko hegazti intsektujaleak babestu eta habia egiteko kutxak dira”, azaldu dute, eta saguzarrentzako habia kutxak ere badaudela adierazi dute.
Izen ematea, barikua aurretik.
Bisita gidatuan parte hartu gura dutenek barikuko [abenduak 15] 13:00ak aurretik izena eman beharko dute udala@nabarniz.eus helbide elektronikora idatzita edota 688 85 10 43 telefono zenbakira deituta. Zehaztu dutenez, taldeak mugatuak izango dira, baina taldea gutxienez zortzi pertsonakoa izan beharko da.