Konpromisoaren truke, zerbitzua
Hitzargune programak euskararen erabilera bultzatzeko lanean dihardu. Merkatariei, ostalariei, enpresei eta elkarteei (kultur eta ongizate arlokoei zein kirol elkarteei) eskaintzen die zerbitzua.
Euskara sendotzeko hainbat urrats eman dira urte luzez Gernika-Lumon, eta udalak ere bere ekarpena egin du. Hizkuntzaren normalizazioa helburu, euskararentzat arnasgune funtzionalak sortzeko bideari ekin dio makalen dauden esparruetan, eta erabilerarako baldintza egokiak finkatu ditu. Hori da onartu berri duten Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren helburua: euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzeko behar diren hizkuntza politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea.
Hizkuntza politika 30 urte betetzera doan garai honetan, gero eta argiago dago egungo eta etorkizuneko erronka nagusia dela hizkuntzaren erabilera sustatzea. Hau da, ezagutzatik erabilerarako urratsa ematea, eta hori da Hitzargune programak bilatzen duena: euskararen erabilera merkatari, ostalari, elkarte eta enpresen artean areagotzea.
Hitzargune kanpaina 1991n abiatu zuen udaleko euskara sailak, udalerrian euskararen presentzia eta erabilera handitzeko merkataritza arlo estrategikoa zela ikusita. Baina arlo sozio-ekonomikotik harago joan da kanpaina. Orain, merkatariak, ostalariak, enpresa txiki eta ertainak, ongizate arlokoak eta kultur zein kirol elkarteak barnebiltzen ditu ekimenak. Arlo horietan guztietan euskararen presentzia eta erabilera areagotzea da oinarria.
Horretarako, elkarte, talde, enpresa edo eragileek konpromisoa hartzen dute euren eguneroko jardunean (irudi korporatiboan, bezeroekin dituzten idatzizko zein ahozko harremanetan, eta barne harremanetan) apurka-apurka euskara erabiltzeko; eta udaleko euskara zerbitzuak, bere aldetik, merkatariek hartutako konpromisoak betetzeko behar dituzten baliabideak eskaintzen dizkie: itzulpen zerbitzua, kartelak, menuak… Eragileen beharretara egokitzen dira. “Trebakuntza saioak ere eskaintzen ditugu, eta pilula digital batzuk ere jartzen ditugu haien eskura. Izan ere, helburua da arlo bakoitzak euren lana euskaraz egin ahal izatea”, azaldu dute euskara sailekoek. Hartutako konpromisoak bere horretan jarraitzen dutela ikusteko, bisitak ere egiten dituzte.
Hala, arlo horietako edozein izan daiteke Hitzarguneren parte. Bat egiten dutenei diagnostiko txiki bat egiten zaie, zer egiten duten eta hori zein hizkuntzatan egiten duten aztertzeko. Hala, elkarlanean adosten dute zein helburu bete ditzaketen, betiere euskararen arloari erreparatuta.
Hizkuntza paisaia aldatzen
Gaur egun, 150 merkatari, 54 enpresa, 58 ostalari eta 59 elkarte biltzen ditu Hitzargunek, eta elkarte horien artean 22 dira kirol elkarteak. Urtez urte euskararen erabileran aldaketak lortzen dituzte, eta asko aldatu da herriko hizkuntza paisaia eta erabilera.
“Zorionez, Gernika-Lumoko kultur elkarte gehienek euskaraz jarduten dute”, adierazi dute euskara saileko arduradunek. Hala ere, Hitzargunek eskaintzen dizkieten zerbitzuak erabili ohi dituztela onartu dute: itzulpen zerbitzua edota irizpideak zehaztea dira zerbitzurik erabilienak kultur taldeetan.
Kirol elkarteen arloan, “dimentsio eta funtzionamendu oso ezberdinetako” taldeak daude: batzuek euren kirola sustatzea dute helburu, baina badaude neurri batean profesionalizatuta dauden beste batzuk ere, nahiz eta boluntario lana izan nagusi: errugbia, futbol taldeak edota saskibaloikoak, esaterako.
Horiekin lan egiterakoan, Hitzargunek berak eskaintzen dituen zerbitzuez gain, beste erakunde batzuetatik kirolean euskara bermatzeko eskaintzen dituztenak ere aprobetxatzen dituzte: “Ahalegintzen gara beste erakundeek eskaintzen dituzten zerbitzuak udalerrira egokitzen. Hitzargune aberasteko proiektuak aztertu eta aukeratzen ditugu, bertoko kirol elkarteei bestelako zerbitzuak eskaintzeko”.
Horren adibide da Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintzen duen Bizkaian Kirola Ere Euskaraz (BIKEE) programa. Horren aterkipean, lan saio batzuk ere egin izan dituzte: “Hainbat kirol elkarteetakoak batu eta eskola kirola euskaraz izatea bermatzeko erronka jarri genion geure buruari”. Hala, elkarte bakoitzak bere ekarpena egiteko konpromisoak hartu zituen. Programa beragaz, kirol psikologiari buruzko saioak ere bultzatu dituzte, ofizialak diren formakuntza asko gazteleraz bakarrik eskaintzen direlako. “Kirol federazio gehienen aldetik, pauso hori eman gabe dago, eta BIKEE programaren eskutik, aukera izan genuen kirol arlorako ikastaro berezitua antolatzeko”.
Soziolingustika Klusterrak bultzatutako Euskara Kirolkide Ikerketa soziolinguistiko-antropologikoan parte hartzeko aukera suertatu zitzaien, eta Gernika Rugby Taldeak euren elkartean euskarak ze leku zeukan jakin zuen. Jokatu ekimeneko saioak antolatu nahi dituzte berriz ere, kirol elkarteek euren esperientziak partekatu ditzaten.
Hitzarguneren bidez horrelako ekimenak bultzatzen jarraitzeko asmoa dute, kirol arloan hizkuntzak “berebiziko garrantzia” daukalako: “Eremu ez formal esanguratsuan umeak, gazteak eta helduak integratzeko eta euskararen erabilera bultzatzeko aukera eskaintzen du. Eta herri honetan, kirolak jende asko biltzen du, gero eta gehiago”.
Gaur gaurkoz, kirola egiteko elkarte, talde, leku publiko eta pribatu «asko» daude eta, ondorioz, kirol arloan euskara bultzatzeari “perspektiba guztietatik” heldu gura dio Hitzargunek. Hala, estrategia orokor bat definitzeko erronka ezarri dute ESEPean; hau da, kirol elkarteetatik harago, enpresa publiko eta pribatuak aintzat hartzea eta perspektiba orokor bat egitea, gero, helburuak zehazteko. “Jakin egin behar dugu zer daukagun eta non eta zelan eragin dezakegun. Zelan elkar elikatu gaitezkeen”.