Bederatzi gau hotzetan bazterrak koplaz betetzeko prest
Gaueko errondak zapatuan hasiko dituzte, eta "denen poztasunerako" kale bazterrak koplaz betetzeko prest daudela adierazi dute Gernikako Marijesiek. Herritarren ekarpenak bilduko dituzte abenduaren 24ko goizeko errondetan, eta batutakoa Bizkaiko Fibrosi Kistikoaren Elkartearentzat izango da.
Azken asteetan entseatzen ibili eta gero, kalera ateratzeko ordua ailegatzear dute Gernika-Lumoko Marijesiek. Tradizioagaz jarraituz, Gabon aurreko bederatziurrena beteko dute beste urte batez. Gaueko errondak zapatuan hasiko dituzte, eta “denen poztasunerako” kale bazterrak koplaz betzeko prest daudela adierazi dute.
Aurtengo koplak Iñaki Gonzalez Abadia, Denis Azkarate Eizagirre, Jose Antonio Uriarte Itxaso, Fernando Astoreka Aranburu, Ane Miren Arejita Abaitua eta Alex Uriarte Atxikallende bakarlarien ahotsetatik helduiko dira, eta alboan izango dituzte marijesien taldeko kideak, euren koplei erantzuteko prest. Hala, bederatzi gau hotzetan bazterrak berotuko dituzte, punta batetik bestera ibiliko baitira, “ahalik eta leku gehienetara” heltzeko asmoagaz.
Errenterian egingo dute aurtengo lehenengo erronda, eta auzo horretan ibiliko dira hilaren 19ko eta 23ko goizaldeetan ere. Lurgorrira abenduaren 17ko, 20ko, 22ko eta 24ko goizaldean iritsiko dira, eta Tiloetatik ibiliko dira hilaren 18an eta 21ean.
Astoreka eta Azkarate izango dira lehenengo goizaldeko bakarlariak, eta honako kale eta guneak igaroko dituzte: Andra Maria eliza-Allendesalazar-Karmelo Etxegarai- Euskal Herria-Enrique Amurrio-Frai Martin Murua-Mestikabaso-Esteban Zabala-Gurutze Gorria-Juan Calzada-Merkurio-Artekalea-San Juan-Barrenkale-Andra Maria-8 de Enero-Adolfo Urioste- Iparragirre-Loizaga-J.A. Agirre plaza-Don Tello-San Roke-Domingo Alegria plaza-Domingo Bernaola-Don Tello-San Juan-San Bartolome-Aita Luis Villasante-Lorategieta-Aita Luis Villasante-Kortezubi bidea-Amaiur-Mertzede-Uharte-San Juan-San Juan Ibarra-Nere Kabia-Jose Labauria plaza-Carlos Gangoiti-Txorraburu-Iñigo Lopez de Haro-Allendesalazar-Andra Maria eta Andra Mari eliza.
Dirua, ikerketara.
Urtero legez, herritarren ekarpenak bilduko dituzte marijesiek abenduaren 24ko goizeko errondetan. Aurreratu dutenez, oraingoan, dirua Bizkaiko Fibrosi Kistikoaren Elkarteari emango diote. Gaixotasun arraroa da fibrosi kistikoa, kronikoa, genetikoa eta denegeratiboa, eta 5.000 jaiotzatik bati eragiten dio. Gutxi gorabehera, 180 kasu daude Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, eta Bizkaiko elkartearentzako dirua bildu gura dute aurten marijesiek.
EGUTEGIA:
- Errenteria: Abenduak 16 (Fernando Astoreka eta Denis Azkarate), 19 eta 23.
- Lurgorri: Abenduak 17 (Fernando Astoreka eta Deniz Azkarate), 20, 22 eta 24.
- Tiloak: Abenduak 18 (Jose Antonio Uriarte eta Alex Uriarte) eta 21.
Gaixotasun arraroa da fibrosi kistikoa, kronikoa, genetikoa eta degeneratiboa. 5.000 jaiotzatik bati eragiten dio, eta Arnasa Euskadiko kide Amara Bañuelosek jakinarazi du Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 180 kasu inguru daudela. Gaixotasun arraroen artean “arruntena” dela fibrosi kistikoa diote Bizkaiko elkarteko kideek.
Gaixotasunaren zantzu nagusiak arnas eta digestio aparatuetan kokatzen dira. Fibrosi kistikoak muki lodiak sortzen ditu biriketan, eta, ondorioz, infekzio gehiago izan ohi dituzte gaixotasuna sufritzen dutenek. “Horrek birikiak okertzea eta euren arnasa hartzeko gaitasuna gutxitzea dakar”. Mukiak dituzten organo guztietan du eragina gaixotasunak, eta, ondorioz, digestio aparatua ere “baldintzatuta” dago. Pankreari dagokionez, muki horiek ez dute uzten gorputzak sortzen dituen entzima pankeatrikoak sortzen. Ondorioz, jaterakoan, pilulak hartu behar izaten dituzte, gorputzak elikagai horiek apurtzeko, xurgatzeko eta barneratzeko.
Gaixotasun hori pairatzen duten umeak “guztiz baldintzatuta” daude, euren egunerokotasunean “ondo bizitzeko” hainbat zeregin egin behar izaten dituztelako.