Mendatarrak Santa Luzia Egunean elkartuko dira
Zapatuan [abenduak 16] bazkaria egingo dute eta ostean Bego Alabazanegaz pasako dute arratsaldea.
Mendatako emakume taldeak udalagaz elkarlanean Santa Luzia Eguneko bazkaria antolatu du zapatuan [abenduak 16]. Interesa dutenek aurretiaz izena eman behar dute eta horretarako azken eguna eguenean [abenduak 14] da eta udaletxeko telefonora deitu behar da 94-625 47 22.
Bazkariak 35 euro balio du eta Artape jatetxean izango da 14:30etik aurrera. Bazkalostea Bego Alabazan hizlari eta ipuin kontalari bikainak girotuko du. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bazkarian parte hartu ez arren, ekintzara edozein herritar joan daiteke.
“Ospatu dezagun elkarrekin Santa Luzia Eguna. Une ezin hobea izango da elkartzeko eta esperientziak partekatzeko. Belaunaldi desberdinetako jendea elkartu, kontu batzuk esan eta denon artean arratsalde-iluntze ezin hobea gozatu dezagun”, esan dute. Era berean, parte hartzeko deia luzatu dute: “Zatoz Mendatako emakumeekin bazkaltzera eta konpainiaz gozatzera”.