Hiru herri, harri bat
Arrolako mugarria elkargune bihurtu zuten atzo [abenduak 10] arratzuarrek, mendatarrek eta nabarniztarrek. 150 lagun inguru batu ziren bertan, eta "giro ona" nagusitu zen.
Lursailen mugak ezartzen dituzte mugarriek, eta Arrolako gainean dagoen harriak definitzen ditu Arratzuko, Mendatako eta Nabarnizkoak. Hiru herriak banatzen dituen harria da, baina, atzotik [abenduak 10], batu ere egiten ditu hiru udalerriak. Izan ere, leku hori, harri hori elkargune bihurtzeko ekitaldia egin zuten hiru herrietako bizilagunek.
Arrola gainera jai giroan joateko hitzordua jarri zuten hiru udalerrietako ordezkariek, eta hala egin zuten. Herri bakoitzeko plazetan bildu, eta elkarregaz, bakoitza bere aldetik igo zen tontorrera, bertan elkartu eta harria topagune bihurtzeko; 150 lagun inguru batu ziren, eta “giro ona” nagusitu zen. Aurten lehenenegoz egin dute ibilaldia, baina urtero-urtero errepikatzeko asmoa dutela iragarri zuten.
Izan ere, Jose Antoni Maruri Nabarnizko alkateak nabarmendu zuenez, herri bakoitzak bere izaera eta berezitasunak ditu, baina antzekotasunek ere batzen dituzte. “Hirurok gara landa eremuko edo baserri munduari loturiko udalerri euskadunak eta txikiak, 500 biztanle baino gutxiagokoak”, adierazi zuen. Hala, antzeko arazoei aurre egiten dietela oinarri hartuta, mugak jarri beharrean, Arrolako mugarria elkartzeko puntu bezala hartzeko deia egin zuen: “Halan da ze, mugak ipini beharrean, hartu dezagun mugarri hau geografikoki hiru udalerriak elkartzen dituen puntu modura. Eta, aitzakiagaz, elkar gaitezen urtero bertan Arratzuko, Mendatako eta Nabarnizko herritarrak”. Nabarnizko alkateak egin zuen atzo irakurketa, baina erantzukizun hori urtez urte txandakatuz joango dira hiru udalerrietako ordezkari nagusiak.
Behin irakurketa eginda, zer jan eta zer edan izan zuten bertaratu zirenek. Izan ere, nabarniztarrek jatekoa eroan zuten, Mendatakoek edaria, eta Arratzukoek hori guztia prestatzeko materiala. Salda, ardoa, txistorra, solomoa… denetarikoak jan eta edaten zituzten bitartean, Obieta aita-semeak arduratu ziren egonaldiari musika jartzeaz.