Durangoko Azokaren osotasuna "indartu eta berretsi" egin da
58. Durangoko Azoka arrakastatsua izan da antolatzaileen arabera. Gaurtik [abenduak 11] aurrera Zu Non, Han DA! ekimena garatuko dute Euskal Herriko 88 liburu dendatan.
58. Durangoko Azoka arrakastatsua izan da antolatzaileen arabera: “Jendetsua, bizia, irudimenez jantzia, anitza, parte-hartzailea. Fantasiazkoa, berba batean esanda”. Bost egunetan Landako eta inguruetako guneak jendez beteta egon dira, eta nobedadeak ezagutzeko zein ekitaldietan parte hartzeko gogoa “nabarmena” izan dela azpimarratu dute.
Aurreikusi bezala, gazteak nagusitu direla esan dute eta hauek “erantzun ona” izan dutela. Batez ere, abenduaren 8an antolatutako Gazte Eztanda Eguna. Azokako partaideek ere nabarmendu dute gazteek erakutsitako interesa. “Gerediaga elkarteak euskararen eta euskal kulturaren transmisioan ekarpena egingo du aurrerantzean ere, eta aurtengo azokak zeregin horretan jarraitzeko indarra ekarri du”.
Antolatzaileak “oso pozik” agertu dira, “asebeteta”, eta kulturazaleen balantzea “positiboa” izan dela. “Salmentak onak izan dira. Gainera, kulturazaleek jakin-mina erakutsi dute; zenbait kasutan produktu zehatz baten bila joan dira, baina askok eskaintzaren artean arakatzeko ere aprobetxatu dute”. Musikaren arloan, talde ezagunek jende piloa erakarri dute, eta hasiberriek euren lana ezagutzera emateko plaza bezala erabili dute azoka.
59. Durangoko Azoka 2024ko abenduaren 5etik 8ra ospatuko da.
Azokako gune desberdinetan guztira 265 ekitaldi egin dituzte, eta gehienak “bete-beteta” egon dira. “Sarritan ilarak sortu dira, jendea aurkezpenetarako irrikaz egon delako. Azokan parte hartuz, azokaren parte sentitu dira”. Horrez gain, nabarmendu dute webguneko erabiltzaileen 10etik 4k egitaraua kontsultatu duela; lehen lau egunetan 60.000 bisita izan ditu atari digitalak. Zaleen “gogoa eta jarrera” eskertu nahi izan du Gerediagak. Aparkalekuetatik Landakoraino martxan egon den doako autobus zerbitzua “geroz eta gehiago” erabiltzen dela esan dute, eta aurten 5.000 bat lagun ibili dira.
Jarraipena. Durangoko Azokaren olatu hori “probestu eta kulturgintza hauspotzeko asmoz”, gaurtik [abenduak 11] aurrera Zu Non, Han DA! ekimena garatuko dute Euskal Herriko 88 liburu dendatan. Azokako nobedadeak ezagutu ahalko dira bertan, eta gainera, 27 aurkezpen ere egingo dituzte, abenduaren 20ra bitartean.