Mundakako plaza, denetariko produktuen agertoki
I. Gabonetako Azoka egin dute Mundakan. Euskal Herri osoko zortzi postu egon dira. Antolatzaileek azokaren lehen ekitaldiaren "balorazio positiboa" egin dute.
Gabonak ate joka dauden honetan, urteko sasoi berezi horren lurrina usaintzen hasiak dira mundakarrak. Izan ere, gaur [abenduak 8] I. Gabonetako Azoka egin dute Agirre Lehendakariaren Plazan. Euskal Herriko produktuak nahiz kulturgintza bultzatzea eta, era berean, herritarrei aisialdi eta gastronomia aukerak ematea izan dira azokaren lehen ekitaldiko helburu nagusiak; biak ala biak bete dituzte, mundakarrek zein inguruko herrietatik bertaraturikoek bikain erantzun baitiote azoka proposamenari.
10:00etan zabaldu dituzte postuak, eta 14:00ak arte egon dira zabalik. Bisitari gehien pilatu diren ordu tartea, baina, 12:00ak eta 13:30ak artekoa izan da. Lehen ekitaldirako, Euskal Herri osotik bertaratutako ekoizleak egon dira Mundakako plazan; zortzi izan dira, guztira. Arreta gehien deitu duena talo postua izan da: gaziak (txorizo eta hirugihardunak) eta gozoak (txokolatezkoak) saldu dituzte, eta jende ilara pilatu da plazako arkupeetan. Horrez gain, eskualdeko ordezkaritzak ere hainbat begirada bereganatu ditu: batetik, Gernika-Lumotik bertaratutako Aberaska erlauntza produktuen postuak; bestetik, Mundakako bertako Barabeltz landare eta landareetatik eratorritako produktuenak.
Horiez gain, Baxenabarretik etorritako Arnabar ahate produktuak edota Mallabiko Mañeko gozogintza produktuek ere ikusmira handia sortu dute. Hori guztia, zelan ez, ardoaz bustita: Malagarteren postuak denetariko txakolin motak eduki ditu salgai nahiz dastagarri. Bestalde, Oiaraldako kideek ortuariz betetako postua aurkeztu dute Mundakan. Postu horretako kideetako batek, palestinarra dela aurreratuta, azaldu du tankerako azokek “asko dutela aldarrikapenetik”: “Herritarrak elkartzeko guneak dira, elkarregaz hartu-emana ezartzeko”.
Sorne Rubio Arano: “Oro har, postu denek harrera aparta eduki dute; ekoizleetako batzuek, gainera, espreski eskatu ziguten Mundakara etortzeko; hori kontu oso polita da”
Mundakako udal ordezkariek azokaren estreinako aldiaren “balorazio positiboa” egin dute. Sorne Rubio Arano alkateak ondorengo adierazi du: “Herritar dezente bildu da, lehen ekitaldia izan arren. Oro har, postu denek harrera aparta eduki dute; ekoizleetako batzuek, gainera, espreski eskatu ziguten Mundakara etortzeko; hori kontu oso polita da. Hurrengo urtean errepikatzeko asmoa dugu, lehenengo azoka honen irakurketa oso ona egiten baitugu”.