"Konponbidea ezin da izan langileak ABEEE ezarrita egotea"
Salicako langileak beraien egoera salatzeko manifestazioan bildu dira gaur [abenduak 8]. Hilaren 15ean, lau sindikatuekin bildu eta aurrerantzean eman beharreko pausoak aztertuko dituzte.
Enpresarekin izandako bileretan akordiorik lortu ez dutela eta Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea (ABEEE) ezarriko diotela salatzeko asmoz, gaur [abenduak 8] ere kalera atera dira Salicako langileak. Goiko Plazan elkartu dira eta manifestazioan abiatu dira Lamerara, 13:00ean ezarrita zuten kontzentraziora. Gaurko manifestazioan udaleko ordezkarien babesa jaso dute.
Salicak 173 langile ditu eta, adierazi dutenez, “erdia baino gehiago ABEEEa ezarrita egon da aurten, enpresak saldu dezakeena baino gehiago ekoizten dela egotzita”. Langileak lan egiteko prest daudela eta arazoa konpontzea enpresaren zuzendaritza-taldeari dagokiola azpimarratu dute: “Konponbidea ezin da izan langileak ABEEE ezarrita eta baldintza penagarrietan egotea”. Salicako batzordeak enpresak ezarritako neurriak ez dituela onartu, are gehiago, kontra daudela nabarmendu gura izan dute.
Zuzendaritzak ehuneko ehunean nahi duena egiteko malgutasuna duela salatu dute: “Beraiei komeni zaienean lanerako deituko digute eta komeni ez zaienean etxean geratzeko esango digute, gure langabezia xahutuz”. Enpresak arazoa konpontzeko duen “borondate falta” duela adierazi dute, zuzendariak langileek langabezia gastatu eta soldata murriztean “eroso sentitzen direlako”.
2024an zehar, “konstante” izan behar dutela aipatzearekin bat, Bermeok eta bermeotarrek kausarekin bat egitearen garrantzia azpimarratu dute, “beti izan delako herri oso solidarioa”. Salica bera ere solidarioa izan dela gogora ekarri gura izan dute, eta elkartasun hori bueltatzea eskatu: “Salica eta Salicako delegatuak izan dira Bizkaiko Lurralde Hitzarmeneko hobekuntzak lortu dituztenak. Delegatuek ez dute bakarrik egin, langile guztiek batera baino”.
Abenduaren 15ean lau sindikatuekin bilduko dira delegatuak, eta orduan definituko diztuzte aurrerantzean eman beharreko pausoak: “Argi dago ekintza sindikalarekin jarraitu behar dugula, arlo judiziala ezinezkoa ez bada ere, zaila delako”. Mobilizazioaren garrantzia nabarmendu dute, “pare bat asteko kontua baino, 2024 guztiko kontua” izango dela azpimarratuz.