Informazio ezari, kontzientzia
Smartphonek eta sare sozialek dituzten arriskuez kontzientziatzeko hitzaldiak antolatu ditu Urretxindorra Herri Eskolak, Muxikako Udalagaz eta guraso elkarteagaz elkarlanean. Martitzenerako eta eguaztenerko hitzorduak jarri dituzte.
Nerabeen %98,5 sare sozial bateren batean dago, eta %65,1ak profil bat baino gehiago dauka. Gehien erabiltzen dituzten sareak WhatsApp (%95), Youtube (%90,8), Instagram (%79,9) eta TikTok (%75,3) dira, eta horien bitartez, haur eta nerabeen %20ak intentzio sexualak dituzten pederasten kontaktuak jasaten dituztela estimatzen da; %50ak eskatu gabe jasotzen du eduki pornografiko edo bortitzen bat. Pornografiagaz duten lehenengo kontaktua 8 urtegaz ematen da, ez eurek bilatu dutelako, iritsi egiten zaielako baizik. Gainera, datuek erakusten dute ziberjazarpena 10 urtegaz hasten dela eta gazteen %75ak haurtzaroan indarkeria digitala jasan duela. Adin txikikoen %20k ziberjazarpena jasan du, eta horretarako tresna erabiliena WhatsApp da.
Macsonrisas elkarteak, Save the Childrenek eta Unicefek 2019 eta 2021 urteen bitartean egindako ikerketek baieztatzen dituzte datuok, eta horiek oinarri hartuta, smartphoneak eta sareak 14 urtetik aurrera erabiltzeko gomendioak zabalduko ditu Julen Linazasoro Macsonrisas elkarteko arduradunak Muxikan. Martitzenean eta eguaztenean (abenduak 12-13) euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko ditu hitzaldiak, hurrenez hurren, Zubieta Errotan, 17:00etan hasita. Herritarrei bertaratzeko deia egin diete Urretxindorra Herri Eskolako antolatzaileek.
«Gure eskolako ikasleak txikiak dira, 11-12 urtegaz ateratzen dira hemendik, baina gero eta lehenago jasotzen dituzte mugikorrak», adierazi dute eskolako ordezkariek. Diotenez, hitzaldiekin euren asmoa da mugikor eta sare sozialek izan ditzaketen arriskuez umeen gurasoak kontzientziatzea: “Arazoari etorri baino lehen heldu gura diogu, eta ez gero. Ez dugu konponbidea aurkitzen hasi nahi, prebentzio lana egin baizik”. Mugikorrak edukitzeko umeak sare sozialek dituzten arriskuez kontzientziatuta egon behar direla diote, ¡pornografia, jazarpena, bortizkeria… jaso dezaketelako. “Ez dute gaitasunik gauza horiek modu kritiko batean analizatzeko eta aztertzeko, eta engainatuak izan daitezke”.
Hori dela eta, Linazasorok dio garrantzitsua dela sare sozialen erabilera sare horiek ezartzen dutenera mugatzeko. Izan ere, adierazi du umeek heldutasun nahikoa ez dutenean, «ez dutela erabilera era kontzientea egiten»; gainera, dauden arriskuez “ez direla ohartzen” berretsi du. “Ezarritako adin mugak errespetatzea gomendatzen dugu. Adibidez, smartphonak 14 urtetik aurrera ematea, haurraren heldutasun mailaren arabera. Hala ere, azken urteetan ikusi dugu hobe dela hori baino beranduago ematea”, azaldu du, eta gogoratu du sare sozial laxoenak 13 urteko adin muga daukala, WhatsAppek 16 urtetakoa duenean.
Ze arrisku daude? Eduki eta komunitate arriskutsu asko daude sare sozialetan: “Pornografia zabaltzen dutenak, eduki bortitzak dituztenak, dantza sexualizatuak erakusten dituztenak edota drogak, autolesioak, sektak, anorexia edota bulimia bultzatzen dituztenak”, azaldu du adituak. Sare sozialekiko desinformazioak ere kezkatzen du: “Desinformazio hitza entzuten dugunean politika etortzen zait burura, baina desinformazioa gai askoren ingurukoa da. Joan den astean streamer bikote batek euren erlazioari buruzko xehetasunak eman zituen sarean, eta euren harremana eredugarria dela esan zuten, baina kontua da elkar ezagutzen hasi zirenean neskak 13 urte zituela eta mutilak 23. Hori delitua da, baina askotan, gauza batzuk zuzenak izango balira bezala jasotzen ditugu, eta mezu horiek ez dira egokiak”. Osasuna arriskuan jartzen duten edukiak ere aurkitu daitezkeela dio, eta hortzak zuritzeko zenbait erabiltzailek lejia gomendatzea jarri du adibide.
Erabateko erabilera
Ia nerabe guztiek erabiltzen dituzte sare sozialak. Macsonrisasek Araban 4.000 ikasleri egindako inkestak erakusten du Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleen herenak mugikorra erabiltzen duela, eta Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleen bi herenak badaukala. “Orain dela urte batzuk mugikorren erabilerari buruz DBHn ematen genituen saioak LHn ematen ditugu orain, sare sozialen erabilera asko igo delako”.
Linazasorok dio haurrek edo gazteek telefonoak sare sozialak erabiltzeko gura dituztela, eta ez deitzeko bakarrik. “Horien bitartez komunikatzen dira gazte asko, baina, zer gertatzen da? Horrek presio handia suposatzen duela smartphonak ez dituztenentzat. Horiek ere smartphonak gura dituzte, eta horien erabilpena atzeratu gura duten gurasoei are zailagoa egiten zaie itxarotea”.
Hala, elkarteak proposatzen du ikastetxe bakoitzeko gela edo maila bakoitzean familiek oinarrizko akordioak lortzea, “adingabeak babestea errazagoa izan dadin”. Oinarrizko akordio horiek lau dira: smartphona emateko adina, sare sozialak erabiltzeko adina, sareko jokoetan jolasteko adina eta telesailak eta filmak ikusteko adina elkarregaz adostea. “Guztien artean erabaki horiek hartzea garrantzitsua da, haurrak baztertuta ez sentitzeko”. Izan ere, bazterketa arriskua egon badagoela uste du, baina azpimarratu du gurasoek “horrekiko daukaten beldurra handiagoa” dela.
Ezarritako adinak errespetatzeaz gain, lehenengo urtean gurasoek eta nerabeek mugikorrak “aldi berean” erabiltzea gomendatzen dute adinekoek: “Hori da modu bakarra sare sozialen erabilera egokia bultzatzeko, horrela erakutsiko dietelako arriskuak antzematen eta desinformazioari aurre egiten”.
Helduak eredu
Helduak eredu izatea “oso garrantzitsua” dela gehitu du: “Haur edo gazteei erabilera egoki bat erakutsi gura badiegu, helduok ere erabilera egokia egin beharko dugu”. Heziketa digital hori «ezinbestekoa» da, bai gazte bai nagusientzat, eta horretarako “garrantzitsua” dela diote berba egitea, arriskuei buruz jabetzea, komunikatzeko modu egokiei buruz eztabaidatzea. Horregatik, hitzaldira bertaratzeko deia egin die gurasoei: “Saioak interesgarriak iruditzen zaizkie gurasoei, baina hitzaldiak egiten ditugunean oso gutxi etortzen dira. Guraso askok uste dute sare sozialetan gauza asko ez direla gertatzen, edo gertatzen diren horiek ez direla horrenbesterako. Baina helburua da arrisku horiei buruz kontzientziatzea. Errealitate horretaz berba egiten eta adinak errespetatzen hasi behar gara”.