Gernikatik Palestinari: "Munduak eta historiak ezin dute herri baten suntsiketa bakar bat gehiago onartu"
Palestinako herritarren aurkako "sarraski etengabea" geratzeko eskatu dute milaka herritarrek Gernikatik. Palestinar bandera irudikatuz, mosaiko erraldoia osatu dute Pasealekuan, eta duela 86 urte Gernikan eta egun Palestinan entzuten den sirena hotsa piztu dute Pilar Omaetxebarria bonbardaketaren lekukoak eta Mahmoud Elhousary palestinarrak.
“Gernikan bizitako bonbardaketa hartatik gaur egunera arte, gizateriaren historian bizitako guztia bizi eta gero, munduak eta historiak ezin dute herri baten suntsiketa bakar bat gehiago onartu. Munduak eta historiak ezin dute Palestinan gertatzen ari dena onartu. Munduak eta historiak ezin dute Gernika berri bat onartu”.
Gizarteriaren historian izandako sarraski guztien artean “zoritxarreko leku berezia” duen Gernika-Lumotik eskatu dute Palestinako herritarren aurkako “sarraski etengabea” geratzeko. 1937ko apirilaren 26an bonbardatu zuten Gernikatik eskatu dute palestinar herriaren kontrako erasoa gelditzeko. Pasealekua mosaiko bihurtu duen palestinarren bandera erradoia izan da eguneko irudia, eta Gernikan, Gazan kantua, berriz, soinu banda. Elkartasun mezu ozen eta zabala bidali diote milaka herritarrek Palestinari gaur [abenduak 8]. Israelgo okupazioak “sarraskiagaz jarraitzearen aldeko jarrera” erakusten duen bitartean, Euskal Herrian palestinarrekiko elkartasun keinua zabaldu dute mundura, Gernikatik.
Gernikatik Palestinari, haritzetik olibondoari. Historiako lehen bonbardaketa “zibil indiskriminatua” jasan duen herri izatearen “zoritxarreko zilegitasunetik”, Palestinari. Hildakoen zaurien eta suntsipenaren memoria historikoaren talaiatik Palestinari bidali diote elkartasuna. 1937ko apirilaren 26an bonbardatu zuten Pasealekuko azoka gunetik eskatu dute Israelgo okupazioa palestinarren aurka egiten ari den “sarraski etengabea” geratzeko, eta genozidio horrekiko edozein “onespen eta konplizitate irmoki” salatu eta salatuko dituztela argi esan dute.
“Palestinako herritarrek entzungo ote dute gure ahotsa?”, galdegin dute Itziar ItuƱok eta Jon Maiak. “Zuen hildakoak gure hildakoak dira. Zuen etxe birrinduak gure etxeak dira. Zuen lur okupatua gure lurra da. Zuen haurrak gure haurrak ere badira. Eta jakin ezazue, iluntasunaren ondoren, triskantza eta sarraskiaren ondoren, dena galdua zegoela zirudien arren, hondakin eta gorpu artean, herri honetan arbola batek zutik iraun zuela”, esan diete palestinarrei. Eta gogoratu dute ehunka hildako zeuden lur berean jolasten direla orain haurrak Gernikan, “bonbardaketen biktima haiek mintzo ziren hizkuntza berean, gainera”.Ā
Eta berreraikuntza hori Palestinako lur okupatuan gertatzea ere gura dute: “Gernikan haritza bezala, Palestinan olibondoa zutik nahi dugu, herrien eskubideen, askatasunen eta bakearen ikur. Gernikatik munduari esaten diogu: ez dugu gizatasuna inori kentzerik nahi. Denok gara mundu. Denok gara gizaki. Denok merezi dugu munduan leku bat. Ahazturari ez. Genozidioari ez. Nahikoa da. Gernika berririk ez”.
Bi herriekiko elkartasun horren ikur, Gernikako bonbardaketaren lekuko izan zen Pilar Omaetxebarria Ibaibarriagak eta Mahmoud Elhousary palestinarrak piztu dute duela 86 urte Gernikan zegoen eta egun Gazan entzuten den sirena hotsa. Eta, Euskal Herriko eta Palestinako haurrak izan dira haritzaren eta olibondoaren ikur gaurko ekitaldian, hazi horietatik jaiotako landareak eskuetan zituztela igo baitira oholtzara. Hildakoei izena eta abizena jartzeaz arduratu dira, bestalde, EƱaut Elorrietaren eta Ihsan O.Sren eta Ikrame Benzyane palestinar abeslarien ahotsak.
Palestinarrei bozgorailua.
Palestinar ordezkaritza taulara igo da eta Mohamed Farajallah-k hartu du hitza. 27 urtez Palestinan bizi izan da, eta han bizitakoak kontatu ditu jendaurrean. Palestinar bakoitzak istorio mingarriz betetako bizitza duela adierazi du, “filmetako zuzendariek ere ezingo luketena asmatu”.
Gerrak, bonbardaketak, intifadak āPalestinaren independentziaren aldeko matxinadaā… denetariko garaiak bizi izan dituztela adierazi du. “Umeek gerra hotsa baino ez dute entzuten, odola baino ez dute ikusten, iluntasuna. Ez dago lasaitasunik. Palestinan bizi izan ditudan 27 urteetatik lau izan dira lasaiak, 1996tik 2000 urtera artekoak”, adierazi du Farajallah-k. Gero, beste intifada bat, horma, Gazako lehenengo gerra… etorri zirela gogoratu du. “Kalera ateratzen garenean, kartzelan sentitzen gara”, esan du.
Gerra urriaren 7an hasi zela uste dutenei, gainera, ez zela horrela izan adierazi diete: “Zenbat urriaren 7 bizi izan ditugu guk? Zenbat eraso, bonbardaketa sufritu ditugu? Palestinara ailegatu zen lehenengo ontzia 1922an ailegatu zen, bake mezuekin, baina ordutik ez dugu bakerik izan. Sionismoaren sortzaile izan zen Theodor Herzlen ideiekin etorri zen”.
Palestinarren bost belaunaldi jaio dira okupazio garaian, eta borrokari eusten jarraituko dutela ozen adierazi du Farajallah-k. Hala ere, genozidioa gelditzeko ekintzak behar dituztela aldarrikatu du: “Hori guzti hori gelditzea behar dugu. Bakean bizi gura dugu. Lasaitasunez bizi gura dugu. Horregatik eskatzen dizuegu gertatzen ari dena kontatzeko. 20.000 pertsona hil dira, eta hildako horien guztien bizitzaz ari gara, eta ez zenbakiez. Bizitzak dira, ametsak”.
Helburua beteta.
Farajallah-ren hitzen ostean, hildako guztiak oroitzeko bi minutuko isilunea egin dute, eta odol koloreko malkoak marraztu dituzte oihal zuri baten gainean gero, Gazan hildako 8.000 haurrak gogoratzeko.
Elkartasunak zutik dirauela adierazi dute herritarrek Gernikan, baina Gernika-Palestina Herri Ekimeneko arduradunek ezin dituzte burutik kendu duela mende bateko irudiak, ezin dituzte burmuinetik ezabatu egunero iristen zaizkien irudiak, ezin dituzte burutik kendu dagoeneko hil diren 16.000 pertsonak āgehienak umeakā, ez eta hondakinen artean desagertuta dauden milaka pertsonak ere. “Ezin dugu baztertu okupazioa hor dagoela”, esan dute.
Horregatik, gobernuen “isiltasun orokortuaren aurrean“, antolatzaileen helburua izan da nazioarteari jakinaraztea “herriek ez dutela amorerik ematen”. Palestinarrentzat nazioarteko komunitatearen mobilizazioa “itxaropen bakarra” da, eta berriro adierazi dute sugarra piztuta mantentzea ezinbestekoa dela: “Zuen ahotsa behar dugu, segi ezazue Palestinari buruz berba egiten. Palestinak okupatutaĀ jarraitzen du, eta Palestina aske baten alde borrokatu behar dugu, ibaitik itsasora arteko Palestinaren alde”.
Argazkiak: Txebi Arriaga eta Busturialdeko Hitza.