Trukegune, Gabon jasangarriagoak sustatzeko
Ekoetxea Sareko ingurumen zentroek, Koopera eta Elkargunearekin batera, Gabon jasangarriagoak sustatzeko Trukegune ekimena martxan jarri dute. “Gabonetako izpiritua eraldatzeko” gonbidapena egin dute; Denen artean Gabonak “une magiko eta jasangarri” bihurtzeko aukera dela esan dute.
Objektuak trukatu eta berrerabiltzeko proposamena da; norberak erabitzen ez dituen baina beste pertsona batzuentzat erabilgarri izan daitezkeen gauzak utzi daitezke Ekoetxea sarearenzentroetan. Aste honetan hasi dute ekimena, eta herritarrek urtarrilaren 7ra bitartean egin ditzakete ekarpenak. Busturiko Ekoetxea Urdaibai, martitzenetik domekara, 10:00etatik 19:00etara bitartean dago zabalik.
Besteak beste, liburuak, panpinak, baloiak, palak, erraketak, mahai-jokoa, mozorroak, mahai-tresnak, bizikletak eta puzzleak trukatu daitezke, baina, arropak, oinetakoak, janariak eta etxetresna elektrikoak ezin dira trukatzeko eraman.
“Partekatzeko, gauzen balioa berreskuratzeko, erabili eta bota kontzeptuaz hausnartzeko, kontsumo arduratsua bultzatzeko eta dirua erabiltzearen alternatibak bilatzeko” leku modura sortu dute: “Objektu baten balioa edo erabilera objektu hori begiratzen eta trukatzen duenak erabakitzen du eta”.
Aipatutako epean trukatzen ez diren gauzak erakunde laguntzaileei emango dizkiete dohaintzan. Opari bakoitzak ilusioa eman eta ingurumena zaintzen lagundu» dezakeela azpimarratu dute sustatzaileek: “Gure kontsumo mailak lotura zuzena du sortzen ditugun hondakin kopuruarekin eta kutsadura maila handiekin; askotan, ez dugu kontuan hartzen zein baldintzatan fabrikatu diren erabiltzen ditugun objektuak edo produktuak”.
Baldintzak. Parte hartzea “erraza” da. “Egoera onean” dauden objektuak izan behar dira, eta trukea ez da derrigorrezkoa, hau da, objekturik eroaten ez dutenek ere, bertan daudenak hartu ditzakete, eta, era berean, ekarpenak egin eta ezer ez hartzeko aukera dago. Pertsona bakoitzak gehienez bost gauza utzi eta beste bost hartu ditzakete, “betiere berrerabiltzeko moduan eta egoera onean badaude, eta debekatuta dago hartutako gauzak saltzea”. Halaber, objektuak pilak behar behar izanez gero, pila horiek ere eroan behar dira, “objektuak funtzionatzen duen probatzeko”.