Lau pertsona atxilotu dituzte Gernikan, telekomunikazioetako kableak lapurtzeagatik eta droga trafikoagatik
Ertzaintzako agenteek lau gizon atxilotu dituzte Gernikan telekomunikazioetako kableak lapurtzeagatik eta drogekin trafikatzeagatik.
23 eta 37 urte bitarteko lau gizon atxilotu dituzte Gernika-Lumon, telekomunikazioetako kableak lapurtzea eta drogekin trafikatzea leporatuta. Ertzaintzak aste honetan egindako miaketan, 800 kilo telekomunikazio kable, 600 gramo metanfetamina, eskopeta ebakia eta erreminta ugari –batez ere lorezaintzakoak– konfiskatu dizkie, “ustez legez kanpoko jatorria dutenak”. Ikerketak zabalik jarraitzen du.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, joan den irailean hasi ziren lau pertsona horien jarduerak ikertzen, “enpresetako lapurretetan parte hartu zutelakoan”. Egindako ikerketeta horien ondorioz, egiaztatu zuten joan den astelehenean [abenduak 4] lau pertsona horiek Dimara joan zirela bi furgonetatan, eta, ustez, “enpresa batetik telekomunikazio kableak lapurtu” zituztela. “Era berean, Dima eta Igorre artean telefonia kablea lapurtu ahal izan zutela uste dugu, eta, ondorioz, 50 etxebizitza inguru telefonia, telebista eta internet zerbitzurik barik geratu zirela”, azaldu dute Ertzaintzatik.
Zehaztu dutenez, bi ibilgailu horiek geldiarazi zituzten, eta horietako batek zeraman atoia kobrezko kable lodiz beteta zegoen. Froga horiek ikusita, lau gizon horiek atxilotu zituzten, eta furgonetak miatzean hainbat material aurkitu zutela azaldu dute segurtasun sailekoek: zizailak, azkazal barrak, ebaketa aliketak…
Hori dela eta, atzo [abenduak 5], “taldeko buruak” Gernikan alokatutako lonja batean sartu ziren ertzainak, eta, bertan aurkitu zituzten 800 kilo kable, droga, eskopeta eta erremintak. Ikerketa zabalik dago, eta atxilotuak Gernika inguruetako lapurretetan parte hartu ote duten ikertzen ari dira.