Goñi eta Bilbao, portutik zerurainoko kaltzadaren jabe
Alluitz de Bilbao kortezubitarrak eta Imanol Goñi natxituarrak irabazi dute, Elantxoben, Igoera Herrikoien Ligako azken proba puntuagarria: IV. Kaltzadan Gora lasterketa. Ligako azken sailkapena Bilbaok eta Julen Aranguena kortezubitarrak poltsikoratu dute.
Elantxobeko Nikolas Deunaren jai egitarauaren barruan, IV. Kaltzadan Gora herri lasterketa egin dute gaur [abenduak 6]. Eskualdeko nahiz inguruko udalerrietatik bertaratutako korrikalariak Elantxobeko portuan elkartu dira lagunarteko giroaz eta Elantxobeko kaleen gogortasunaz gozatzeko. Laugarrena, gainera, ekitaldi berezi askoa zian da, arrazoi esanguratsu bi tarteko: batetik, herriko kirolari entzutetsuenetako bat izandako Patxi Bengoa omendu dute; bestetik, aurten estreinatu duten Igoera Herrikoien Ligako azkenengo proba puntuagarria izan da. Korrikalariek, minutu biro abiatuta, portutik herriaren goiko alderainoko erlojupeko saioa egin behar izan dute; guztira, 1,2 kilometro eta 210 metroko desnibela bete dituzte, herriko kaltzada latzean. Ligan sendo agertu ondoren, hautagai nagusietako bi gailendu dira: Alluitz de Bilbao kortezubitarra eta Imanol Goñi natxituarra.
Lasterketa orduko, baina, Kaltzada Txiki umeentzako lasterketa egin dute. Gaztetxoenak, 10:30ean hasita, Nikolas Deunaren plazatxotik atera dira, Elizabarrirainoko tartea egiteko. Helmuga eremu horretan zain eduki dute txokolate beroa, indarrak berreskuratzeko. Gurasoek lagunduta eta jai aldartean egin dute lasterketa haurrek. 11:00etan, ostera, nagusien txanda ailegatu da. Portu inguruan beroketak egiten aritu dira 72 parte hartzaileak. Iazko 39 partaideekin alderatuta, igoera nabarmena eduki du Elantxobeko probak aurten; zentzu horretan, antolatzaileak “oso asebeteta eta pozarren” agertu dira korrikalarien erantzunagaz.
Imanol Goñik azken unean eman zuen ezustekoa, ordura arte Paul Ormaetxeakk irabaziko zuela baitzirudien
Luzaroan itxaron barik, lehendabiziko erreferentziak agertu dira herriaren goialdean, zenbait lasterkarik lanak zortzi minututik beherako markagaz egin baitituzte: Jokin Zabala bediarrak 07.55ekoa lortu du; Ekaitz Lejarzegi ajangiztarrak, 07.58koa; Ibon Bilbao gernika-lumotarrak, 08.00koa. Erregistrorik estuenak, edozelan ere, bi partaideren artean egon dira: Julen Aranguena kortezubitarrak 07.52ko denbora egin du, eta Paul Ormaetxea muruetarrak, aldiz, 07.50ekoa.
Aranguenaren, gizonezkoen ligako dominatzailearen, denbora behera botatzea lortu ostean, Ormaetxeak garaipena esku ahurrekin ukitu du, baina azken orduko hautagai batek aurrea hartu dio, eta lasterketa eroan du. Imanol Goñi natxituarrak ez die gainontzekoei inongo aukerarik utzi, eta 07.41ko denboragaz poltsikoratu du IV. Kaltzadan Gora. Errekorretik sei segundora geratu da Goñi.
Emakumezkoen lehian, estutasun gutxiago egon da. Parte hartu duten hamabi kideen artean, hautagai nagusi bi egon dira, eta biak arrolapetarrak: Jone Oar-Arteta gernika-lumotarra eta Bilbao bera. Azkenean, kortezubitarra nagusitu da, kaltzada gainean lasterketa paregabea egin ostean: 09.59ko denbora egin du Bilbaok. Oar-Artetak, ostera, 10.40an borobildu ditu lanak. Podiuma June Beaskoetxea gernika-lumotarrak osatu du, 11.39koagaz.
Azken sailkapenean, Aranguena 197 puntugaz gailendu da, eta Bilbao, ordea, 200egaz
Txapelak, neurriko buruetan.
Bilbao eta Aranguena nagusi izan dira Igoera Herrikoien Ligako estreinako ekitaldian. Horren erakusle dira, hain zuzen, txapelketako azken sailkapenak: Aranguena 197 puntugaz gailendu da, Santa Eufemiko eta Aixerrotako igoeretan garaipena lortu ostean. Bilbaoren aginte makila are sendoagoa izan da: lehiaketako gailur denak lehen postuan harrapatu ditu, 200 puntu eskuratuz. Faboritoen aurretiazko hautagaitza, horrenbestez, ez da promesa hutsala izan, eta iragarpenak bete dituzte. Emakumezkoen sailkapenean, Oar-Arteta bigarrena izan da, 193 puntugaz; hirugarren postua Izaro Aranburu aulestiarrarentzat izan da, 147gaz. Gizonezkoen artean, podiuma Goñik eta Ibon Bilbaok osatu dute, hurrenez hurren; lehenengoak 194 puntu poltsikoratu ditu, eta bigarrenak, berriz, 180.
Lasterketak arrakastatsu joan dira, eta sari emate ekitaldiak, gainera, bat egin du trikipoteoagaz. Herritarrak, beraz, kalera atera dira, eta jaia nagusitu da. Arratsalde eta iluntzean ere, ospakizunak ez du etenik izango: 17:30ean, umeentzako jolasak egingo dituzte. Ordubete beranduago, Kraken tabernan mus txapelketa herrikoia egingo dute. 21:30ean, aldiz, Territorio Norte taldeak dezibelen soinekoagaz jantziko ditu San Nikolas jaiak.