Eguraldi traketsa ez da aurkari izan sanandresak ospatzeko
San Andres jaietako ospakizunetan murgilduta ibili dira Ibarrangeluko eta Bermeoko herritarrak.
Ibarrangelutarrak eta bermeotarrak San Andres jaietako ospakizun giroan aritu dira joan den asteburuan. Bermeon, barikuan [abenduak 1] ipini zituzten jaiak abian, txupinazoagaz. Aldapa Xtrem lasterketa izan da jaietako gailurretako bat, baita tarta lehiaketa herrikoia ere. Josepa Kale Kale taldearen zuzeneko musikak girotuta ibili ziren zapatuan [abenduak 2], eta herri bazkaria ere egin zuten. Iluntzean eta gauean ere ez zen musikarik falta izan: karaokean elkartu ziren auzotarrak, abeslaririk onena nor den ikusi asmoz; ostean, Unholy Covers taldearen kontzertuaz gozatu zuten. Jaietako hirugarren eta azken egunean [abenduak 3], mendi martxa egin zuten, eta gero Alkartasuna Dantza Taldearen ikuskizunaz gozatzeko aukera paregabea egon zen.
Ibarrangeluko jaietan, zapatuan [abenduak 2] mus txapelketa izan zen egitarauko tontorra: “Herritar pila bat animatu zen jokatzera; aparteko giroa nabarmendu zen”. Hori baino lehen, DJon-en zuzeneko musikagaz girotu zuten udaletxeko azpialdeko aterpea, gaztetxoenen gozamenerako. Jarraian, trikipoteoa egin zuten; aurten, eguraldi petrala tarteko, tabernen aurrealdetik barrualdera egin dute ibarrangelutarrek. “Ederto batean pasatu genuen, edozelan ere”, azaldu dute. Domekan [abenduak 3], Euskararen Nazioarteko Egunagaz bat eginda, manifestua irakurri zuten udaletxean, eta gero herriko Lorea Dantza Taldeak euskal dantza ikuskizuna eman zuen toki berean. San Andres jaien “balorazio bikaina” eginda,azpimarratu dute eguraldi txarrak ez duela galarazi “jaiaz eta herritarren batasunaz gozatzea”.