Ahanzturan ez geratzeko deia
Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak deituta, Palestinari elkartasuna adierazteko eta "Israeli genozidioagaz amaitzeko eskatzeko" ekitaldia egingo dute barikuan [abenduak 8], Gernika-Lumoko Pasealekuan; 12:00etan jarri dute hitzordua.
Sarraskiak ez du etenik Palestinan, “zoritxarrez”. Ehundaka pertsona hil dira, eta mendebaldeko agintariek Israel Palestinan egiten ari den genozidioa gelditzeko “erreakzio irmorik ez dutela” adierazi dute Gernika-Palestina Deialdi Herritarreko kideek. Hori dela eta, “genozidioagaz amaitzeko” eskatuko dute Gernika-Lumon, barikuan, 12:00etan. Mobilizazio herrikoia egingo dute, eta Pasealekuan batzeko deia egin diete antolatzaileek herritarrei. “Palestinarrek azpimarratzen dute mobilizazioa irtenbide bakarra dela nazioarteari jakinarazteko palestinar herriak ez duela amorerik ematen”, arrazoitu dute.
Testuinguru horretan, Eñaut Elorrietaren Gernikan kantua egoerara moldatzea erabaki dute, eta Gernikan, Gazan izena jarri diote, 16.000 hildakoak –gehienak umeak– “ahanzturan galdu ez daitezen”; Mohammad Farajallahk, Jon Lujanbiok eta Joseba Sarrionandiak moldatu dute abestia. “Gure tragediaren soinu banda da Gernikan. Kantu asko daude gertaera hori kontatzen dutenak, baina gure kasuan, Ken Zazpirena da transbertsalena, belaunaldi askotako jendea batzen duelako. Eñautek ere adierazi du behar bat zuela zerbait egiteko, eta kantua egokitu dugu, palestinar aktibista batzuen parte hartzeagaz”, azaldu dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, jakinarazi dute, barikuan Pasealekuan egingo duten giza mosaiko erraldoiarekin batera, Gernikan, Gazan kanta “lazgarri eta tinkoa” entzungo dela: “Ekitaldiaren soinu banda izango da”.
Izan ere, palestinarrek bizi duten errealitatea “jasanezina” da. Su etena amaituta, bonbardaketekin jarraitzen du Israelek. Gazan elikadura, ura, gasa… sartzeko debekua dago, eta Euskal Herritik Palestinarekiko elkartasun deiadarra lau haizetara zabaldu gura dute, Gernikatik. “Guk sufritutako tragedia ez dugu beste inork inon bizitzea gura”, adierazi dute Gernika-Palestina Deialdi Herritarreko kideek. Ezin dira geldirik egon, ez dute egoera onartzen, eta genozidioa amaitzeko aldarria zabaldu gura dute berriro.
Gernika munduan ahotsa zabaltzeko bitartekoa da, ze Gernika jende askok ezaguten du bonbardaketagatik, baita Picassoren Guernica koadroagatik ere. “Adierazi gura dugu Gernika gehiagorik ez dugula nahi ez hemen, ez inon, ez Palestinan. Eta guk Palestinar herriarekiko elkartasuna adierazteko beharra, ardura, eta indarra daukagu”, esan dute deitzaileek.
Israel egiten ari dena “genozidioa” dela azpimarratu dute, eta hori amaitzea exijituko dute, baita jendea aktibatzea ere: “Milaka kontatzen ditugun hildakoak eta ikusten duguna da egunak pasatu ahala, gero eta gehiago direla, baina horrek munduan, gizartean zein norbanakoetan duen eraginak berdin jarraitzen duela. Beste su eten bat negoziatuz gero, egoera berdinean egongo gara. Etenaldiagaz palestinarrek oxigenoa hartuko lukete, baina hurrengo egunean berriro berdina gertatuko litzateke. Genozidioa behin betiko amaitzea da eskatuko duguna. Palestinak soluzio baten beharra daukala aldarrikatzeko ezinbesteko deiadarra da barikukoa. Bide bat eman gura diogu aldarri horri, Palestinara ailegatzeko ahalik eta ozenen, ahalik eta zabalenen, ahalik eta xamurren”.