Itsasertzaren babesa murriztu izana auzitara eroango du Guggenheim Urdaibai Stopek
Agintariek "naturarekin erakutsitako mespretxu eta arduragabekeria" salatu dute.
Azaroaren 21ean jakinarazi zuten Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak Urdaibaiko itsasertzaren babesa murriztu zuela, Muruetako ontziolen eremuan. Erabaki horrek Urdaibaiko Biosferaren Erreserban Guggenheim museoa eraikitzeko aukera eskaintzen du, izan ere, Kosta Legeak Muruetako eremuan itsasertzetik 100 metro baino gutxiagora eraikitzea eragozten zuen lehen, eta aldaketaren ostean, babes eremua hogei metrora murriztu da. Egoera hori dela eta, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak jakinarazi du erabaki hori auzitara eroango duela.
Plataformak salatu duenez, Kostaldeko eta Itsasoko Zuzendaritza Nagusiak txostenak eskatu dizkie babes eremua kudeatzeko ardura duten administrazioei, hau da, Muruetako Udalari, Uraren Euskal Agentziari, Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari (Urdaibiako Biosfera Erreserbaren Patronatuaren arduraduna) eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen sailari, baina horiek ez dutela txostenik aurkeztu adierazi dute.
Hala ere, platafomak jakinarazi du Muruetako ontziolen eremu hori urbanizagarritzat jotzen duen udal plano bat izan dela legean aldaketa egiteko aintzat hartu duten agiri bakarra: “Kosta Legeak zioen ezin zela ezer eraiki itsasotik 100 metrora, urbanizagarria zen toki batean ez bazen behintzat. Lehen Muruetako inguru hori ez zen urbanizagarria, baina orain, Madrilek esan du badagoela udal plano bat eemu hori urbanizagarri izendatzen duena. Eta hori da jaso duten txosten bakarra”.
Lege aldaketaren ebazpena urriaren 19an sinatuta dago, baina plataformak uste du “erabakia arinago” hartu zutela: “Ez dugu dudarik erabaki hau Guggenheim Urdaibai proiektua prestatzen ari diren sukalde berean negoziatu dutela”. Izan ere, uste dute aldaketa hori egin ezean, “ezinezkoa” litzatekeela proiektua osorik gauzatu ahal izatea. “Eremu horren babes murrizketa gauzatu barik ez legoke tokirik Guggenheim musseoaren bigarren eraikina eraikitzeko”, azpimarratu dute.
Gogoratu dute Biosfera Erreserbaren gune “zaurgarrienetako” batez ari direla, Babes Eremuko Gune batez, habitat eta espezien kontserbazioa edota berreskurapena helburu nagusi dituena. Hala, agintariek naturarekin erakutsitako “mespretxu eta arduragabekeria” salatu dute: “Babes neurriak nahien arabera moldatzen badituzte, zertarako da ingurumenaren babeserako legea?”.