Eskualdeko garraio publikoari buruzko azterlan bat egingo dute
Busturialdeko eskumaldeko 11 udalerrietako alkateak eta zinegotziak Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio saileko arduradunekin bildu dira, garraio publikoaren zerbitzu "eskasari" irtenbide bat bilatzeko. Aldundiak eskualdeko garraio publikoaren beharrei buruzko azterlan bat egiteko eskatu die, eta hala egingo dute.
Busturialdeko eskumaldeko 11 udalerrietako –Ajangiz, Arratzu, Ea, Elantxobe, Ereño, gautegiz Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Nabarniz eta Sukarrietako– alkateak eta zinegotziak Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio saileko arduradunekin bildu dira oraintsu, eskualdeko eskumaldeko garraio publikoaren arazoak kezkatzen dituela jakinarazteko. Udal ordezkarien helburua izan da aldundiari erakustea irtenbide bat eman behar zaiola garraio publikoaren zerbitzu “eskasari”, Bizkaibusek eskumaldeko herrietan duen zerbitzuak ez dielako erantzuten herritarren beharrizanei. Aldundiak eskualdeko garraio publikoaren beharrei buruzko azterlan bat egiteko eskatu die 11 udalerrietako ordezkariei, eta hala egingo dute, izan ere, hori elkarregaz egiteko bideak bilatuko dituzte –ziurrenik Busturialdeko Mankomunitatearen bitartez–, “Bizkaibusen zerbitzua betetzeko hurrengo lizitazioari begira kontuan hartu ahal izateko”.
Gainera, garraio publikoan behar diren konponbideak “bizkortu” ahal izateko, lizitazioaren epeak betetzen diren bitartean (urtebetean aterako da lizitazioa), udalek bat premiazko beharrizanak aztertzeko beste bilera bat eskatuko dute. “Bilera hori ezarritako bideak erabilita egingo da, herriz herri eta premia multzoen arabera”, adierazi dute ordezkariek.
Oraintsu izandako bileran, udal arduradunek Garraioetako zuzendariari, Bidaiarien Garraio Zerbitzuko zuzendariari, Mugikortasun Iraunkorreko zuzendari nagusiari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioetako zuzendariordeari jakinarazi zieten “beharrezkoa” zela garrio publikoaren eraginkortasuna bilatzea eta hura auzotarren benetako beharretara egokitzea. Horrez gain, autobus zerbitzuen maiztasuna areagotzea, ordutegiak egokitzea, urrunen dauden auzoetako arazoak eta zerbitzurik eza kontutan hartzea, asteburuetan zerbitzurik ez izatea edo hondartzetako zerbitzuetan sortzen diren arazoak aintzat hartzea eskatu zuten.
Gainera, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban garraio eta zerbitzu publikoak “hobetzearen garrantzia” azpimarratu zuten. “Kontuan hartuta Busturialdeko biztanle gehienek euren udalerrietatik kanpora irten behar dutela lanera joateko, eta auto partikularraren erabilera masiboa eta derrigorrezkoa dela ikusita, beharrezkoa da zerbitzu publikoak hobetzea”, azaldu dute udal ordezkariek.
Auzoetarako taxi zerbitzua arautzeko beharraz ere aritu ziren, udalerri askok ez dutelako taxi lizentziarik. Horren harira, aldundia prest agertu zen udalerri txikiei lizentziak emateko aukera aztertzeko, eta prestutasun hori “positiboki” baloratu dute udal ordezkariek.
Aldundiak, era berean, gaur egun Bizkaiko bederatzi udalerrietan proba fasean dagoen bizikleta eletrikoen alokairu zerbitzua 2024an beste udalerri batzuetara zabaltzeko asmoa ere azaldu zuen bileran.